105.000 m2 lur industrial berri sortu nahi du Bertizaranako Udalak

TTIPI TTAPA 2011ko api. 1a, 13:07
Honela geldituko litzateke eremua, Bertizaranako Udal Hirigintza Plana onartzen bada.

Bizilagun talde batek gogorarazi du Legasan 200.000 metro koadro libre geldituko direla Arcelor-Mittal ixtean

Bertizaranako Udalak 105.000 metro koadro lur industriala sortuko du. Andres Etxenike alkatearen erranean, lur eremu industrial hori hartuko dute bi proiektu pribatuk eta hirugarren egitasmo bat udalarena berarena da. Industrigune horietako baten kontra alegazioak aurkeztu ditu bizilagun talde batek.

Bertizaranako Udalak 105.000 metro koadro lur industriala sortuko du. Andres Etxenike alkatearen erranean, lur eremu industrial hori hartuko dute bi proiektu pribatuk eta hirugarren egitasmo bat udalarena berarena da. Industrigune horietako baten kontra alegazioak aurkeztu ditu bizilagun talde batek.

Lehenbiziko proiektua lehengo N-121-A errepidearen ondoan joanen litzateke, 35.000 metro koadro hartuz, eta aurrez sukaldatutako platerak, saltokia eta gasolindegia eginen lirateke eta 40 bat lanpostu sortuko lituzke. Errepidearen bertze aldean egonen litzateke udalaren egitasmoa, 20.000 metro koadro hartuz eta horietatik 6.000, errepidetik hurbilen daudenak, bi nabe jartzeko erabiliko lirateke. Herrigunean dauden tailerrak industrigune horretara eramatea litzateke Udalaren asmoa eta bi proiektuetara sarbidea emateko biribilgunea eginen litzateke. Horretarako, kirol hornidurarako bideratua zegoen lur eremua industriarako birkalifikatu du Bertizaranako Udalak Hirigintza Planean.

Apirilaren 1ean akituko da lehenbiziko proiektu horri alegazioak aurkezteko epea eta bizilagun talde batek dagoeneko jakinarazi du aurkeztuko dituela. Bizilagunek diotenez, “ beti agertu gara birkalifikazio honen kontra, izan ere, 500 metro eskasera baitago Legasako industrialdea, industriarako okupatzeko 200.000 metro koadro lur eremua duena”.

Ildo honetan, ingurumenaren defentsan eta Baztan-Bidasoaldean industria eta enplegua bultzatzeko, birkalifikazio honen kontrako alegazioak aurkeztu ditu Nafarroako Alderdi Sozialistak ere eta kaltetutako bizilagunek babesa ematen diote PSNk bere alegazioetan adierazitakoari.

Bizilagunen erranetan, “inoiz ez gara egon eta ez gara egonen lanpostuak sortzen dituzten eta Bertizaranari balioa ematen dioten proiektuen kontra, baina ez promotoreari gogoratzen zaion lekuan, egon behar duten lekuan baizik, hau da, Legasako industrialdean”. Alkateren erranetan, aldiz, “oraindik orain lur hori multinazional baten lur pribatua da eta ez daki horrekin zer eginen duen. Seguruenik etorkizunean Nafarroako Gobernuak eskuratuko du, baina bien bitartean gure garapena egin nahi dugu”.

Bizilagunek gogoratzen dute bai alde batera eta bai bertzera, hamar metro edo gutxiagora etxebizitzak daudela eta 2004an eta 2006an aurkeztutako aldez aurretik sukaldatutako plateren proiektu industrialak bertan behera gelditu zirela.

Herriko Etxeak birkalifikazio honetarako eta Legasako industrialde handiaren garapena uzteko erabiltzen duen argudioa zera da, ArcelorMittal enpresak behin eta berriz ezezkoa eman diola industriarako lurren salmentari eta hortaz, industrialde berria egitearen beharra. Bizilagun talde honen erranetan, “iritzi publikoak ongi dakienez, gezurra da ArcelorMittalek lurrak ez dituenik saldu nahi. Gaur egun Bidasoa Plana gauzatzen ari da eta, ondorioz, lur industrial hori interesatu guzien esku egonen da”.

Bailara honetan Bertizko Jaurerriko Natur Parkea dagoela ere gogoratzen dute, Baztan-Bidasoaldeko turismoaren motore nagusia eta “proiektu honek modu larrian kaltetuko du bailararen irudia” bizilagun hauen ustez.

Baina bi egitasmo hauez gain, gaur egungo N-121-A errepidearen ondoan ere bertze industrialde bat eginen litzateke. Gasolindegi ondoan hotela, ospakizun handietarako jatetxe bat eta bi nabe hartuko lituzke 50.000 metro koadroko eremuak.

Bertizaranan lurraldea okupatzeko modeloa (EMOT delakoa) onartu berri da eta alkateak dioenez, zerbitzu publikora bideratutako lur eremuak herrigunetik hurbilago kokatuko dira. Apirilean hasierako onespena emanen zaio aldaketa hauek agertzen dituen Udal Hirigintza Planari eta alegazio epea irekiko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun