Nola definituko zenuke zure burua?
Pertsona alaia eta ireki bat bezala.
Konfesatzen ahal den bizio bat?
Ez dut aparteko biziorik.
Zein afizio dituzu?
Batez ere lagunekin egon eta besta egin, baina gustukoa dut kirola egitea ere, ehiza, kontzertuak ikusi...
Zergatik aukeratu zenuen ingeniaritza?
Betidanik gustatu izan zait mekanikaren mundua eta lan irteera nahiko ona zuenez, aukera ona iruditu zitzaidan, baina gaur egun, oso gaizki dago lana aurkitzea.
Galesen, zer botatzen duzu gehien faltan?
Familia eta lagunak, baina baita janaria ere, hemen nahiko gaizki jaten da eta.
Galestik bueltan zer eginen duzu?
Lana bilatzen hasi.
Zer du Galesek Narbartek ez duena?
Paisaiak, hemen oso paisaia politak daude. Dena berde-berdea dago, eta inguruko kostaldeko herrietara joaten bazara, sekulako gazteluak daude.
Ingelesaz gain, galesa ikasteko asmorik bai?
Nahiko lan dut ingelesarekin, galesa ikasten jartzeko. Galestar batekin bizi naiz, eta batzuetan hitzen bat galesez nola esaten den galdetzen diot, eta oso zaila iruditzen zait.
Ba al du antzekotasunik galesaren egoerak euskararenarekin?
Bai, asko. Euskara bezala, galesa desagertzen ari zen, baina azken urteotan asko berreskuratu dute eta ia jende guztiak badaki hitz egiten, nahiz eta gero kalean ia ez den erabiltzen.
Besta on bat botatzeko toki bat?
Iruñeko sanferminak.
Amets bat?
Konpetizioko autoen munduan lan egitea.