Euskal Herriko emakumezko txingalari onenaren txapela Narbarten da berriz ere. Irailaren 12an jokatu zen hamargarren urtez emakumezkoen Euskadiko Txinga-eramate Txapelketa, Lantzen (Nafarroa), eta hirugarren urtez segidan irabazi zuen txapela Esther Iriarte Narbarteko 23 urteko gazteak. Berasategi arabarra izan zen txapeldunordea bosgarren urtez.
Kirolari bakoitzak 25 kiloko bi txinga erabili zituen eta ahalik eta metro gehien egin behar izan zituzten. Bortz kirolari hauek aritu ziren lehian: Nicola Gulova (Gasteiz, Araba; 20 urte), Ana Mª Berasategi (Ibarguen, Asparrena, Araba; 42 urte), Patricia Anton (Berriozar, Nafarroa; 22 urte), Esther Iriarte (Narbarte; 23 urte) eta Lourdes Angulo (Berriozar, Nafarroa; 35 urte).
Narbartearra arazorik gabe nagusitu zen: 867,80 metro egin zituen (30plaza, 3/4 eta 6m, 80m.), azpitxapeldun gelditu zen Berasategik baino bortz plaza gehiago.
Lehendabiziko aldiz 2004an aritu zen txapelketa honetan Iriarte, eta geroztik, hiru txapel jantzi ditu segidan. Joan den urtean lortu zuen txapelketako markarik onena, 44 plaza egin baitzituen.