Joan den urtean, Espainiako Konstituzio Egunean Narbarten egindako presoen aldeko ekitaldi batean N-121 errepidea mozteagatik atxilotu zituen guardiazibilak Dani Aranaz, Frantsis Jorajuria, Eloi Jerez eta Iñaki Latasa gazteak.
Lau gazte hauek Iruñean desordena publikoak sortzeagatik epaitu zituzten urriaren 19an eta epaileak aske utzi zituen. Fiskalak karguak erretiratu egin zituen, ekintza hauek ez baitira Kode Penalean delitutzat jotzen.
Lau gazteak, porlanez betetako gasolina-bidoi haundi batzuetara kateatu ziren binaka eta errepidea itxi egin zuten. Guardiazibilak zakarki saiatu ziren gazteak errepidetik ateratzen, baina ez zuten lortu. Su-hiltzaileei abisatu eta hauek hautsi zituzten kateak. Epaiketan, fiskalaren galderei erantzuteari uko egin zioten lau gazteek eta bere ekintzak euskal presoen eskubideak aldarrikatzea zuela helburu adierazi zuten.
Bi guardiazibilek ere deklaratu zuten Iruñean. Lau gazteek aginduak bete zituztela eta ez zutela aurka egin adierazi zuten.