Bertizaranako Eguna eginen da larunbat honetan Legasan

ttipi-ttapa 2007ko mai. 30a, 16:27

Goiz-goizetik hasita, egitarau zabala prestatu dute gazteek

Larunbat honetan besta eguna izanen da Bertizaranan. 2001ean egin zen lehenbiziko aldiz Bertizaranako Eguna, eta aurten ere ez dute hutsik egin Bertizaranako gazteek. Udalaren, Legasa eta Narbarteko kontzejuen eta BKZ enpresaren laguntzarekin, egun osoko egitaraua antolatu dute.

Ohikoa den bezala, 9:00etan suziriak bota eta gosaltzera joanen dira. Segidan, 9:30ean, dianak izanen dira Oieregin, Narbarten eta Legasan. Jende guziak ongi pasatzeko animazioak prestatu dituzte. Hamarretan soka zirkuituak eginen dira, BKZren eskutik. 11:00etan, zesta punta partiduak jokatuko dira, eta 12:30ean bertako dantzariek dantza-saioa eskainiko dute.

Eta gorputzari astinaldia eman ondotik, 14:30ean herri bazkaria. Horretarako txartelak hartu beharko dira. Eta bazkalondoa animatzeko, Agerralde akordeoilariak joko du. 18:00etarako sokatira apustua prestatu dute, Bertizaranako gazteen artekoa. 22:00etan afaria izanen da frontoiko kanpan edo plazan eta ondotik,egunari behar bezalako akabera emateko, gaupasa Trikidantz taldearekin. Besta noiz arte luzatuko den, hori norberak ikusiko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun