Mitxel Aginagak hirugarren postua eskuratu du Londongo Gren Cup proban

Aitor AROTZENA 2007ko urt. 9a, 11:21

Mitxel Aginaga kirolari narbartearrak meritu handiko hirugarren postua eskuratu zuen larunbatean, urtarrilaren 6an, Londongo Bordon Green Cup proban. Ibilbidea hagitz zail zegoen, euria eta lohiarekin eta horrek erabat gogortu zuen proba.

Mitxel, hasiera-hasieratik lasterketa buruan izan zen laukotean sartu zen. Baina lasterketaren hirugarren sektorean, lasterka egin beharreko bigarrenean, ihes egin zion garaipenaren borrokak. Aginagak aipatutakoaren arabera, oinetakoen aukeraketa okerra egin zuen, ibilbidea lehenbiziko sektorean baino egoera kaxkarragoan baitzegoen eta bi pausotikan irristatzen zen. Honela, narbartearra hirugarren izan zen, Erresuma Batuko Christopher Birch eta Colin Dixonen gibeletik. Emakumeen artean, Erresuma Batuko hiru kirolarik osatu zuten podiuma: Debbie McMahon, Sabrina Verjee eta Jane F Georghiou.

Munduko Kopako sailkapen buruan

Erresuma Batuan izandako esperientziarekin kontent itzuli da Aginaga eta Munduko Kopako sailkapenerako puntuak pilatzen segitzen du. Narbartearra da oraingoz, Munduko Kopa horretako sailkapen buruan eta podiumera igotzen segitzen duenez, konfidantza dauka udaberri honetako bi lasterketa nagusiendako: Espainiako Puertollanon eginen den Europako txapelketa eta Argentinan eginen den Munduko txapelketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun