Dantza Luzea berreskuratu dute San Agustin bestetan

ttipi-ttapa 2006ko aza. 23a, 17:48
Legasako gazteek duela 45 urte inguru desagertu zen Dantza Luzea berreskuratu zuten San Agustin egunean. TTIPI TTAPA

Duela berrogeita bortz urte inguru desagertua zen

Legasako gazteek Bertizaranako herrietan egiten zen Dantza Luzea berreskuratu eta dantzatu egin dute Legasako plazan, San Agustin egunean. Hortarako legasarrek Jo ala Jo kultur elkartearekin batean lan egin dute, Aurtitzeko eta Baztango xulubitarien laguntzarekin batera.

Herritar aunitz hurbildu zen eta ikusi ahal izan zuten, orain dela 45 urtez pixke bat goiti-beheiti desagertutako Dantza Luzea. Zenbait herritar heldu ere hurbildu zen dantza ikustera eta hunkituak ageri ziren, bere dantza zaharra berriz ere gazteen aldetik eginik, ikusita.

Dantza luzearen giseko dantzak munduan arras zabaldurik daude, Euskal Herrietan eta Piriniotan batez ere. Bertizaranan egiten zen Dantza Luzea edo Sokadantza, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako sokadantzekin antzekotasun haundia dute. Dantza luzeek garrantzi haundia izan dute euskal herrietan. Agintariak (alkateak, kargodunak, apaizak...) zenbait bestetan (momentu zehatz batzuetan) dantza luzearen protagonista haundienak izaten ziren, Sokadantzaren burua edo azkendariaren lekua hartuz. Dantza eginez, agintaritzaren eginkizun bat betetzen dela ageri da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun