Suak 3 hektarea pinu erre ditu Narbarten

ttipi-ttapa 2006ko aza. 17a, 12:37

Urte eta erdiz bigarren aldia da toki horretan sua pizten dela

Ortzegunean, goizeko 6:00ak aldean, Bertiz Natur Parkearen ondoan sua piztu zen duela gutti berriz landatu zen pinudian. Abisua izan bezain laster Oronoz Mugairiko su-hiltzaileak bertaratu ziren haize handiek sutea laster zabaltzen ahal zutela kezkaturik. Baina eskerrak interbentzioaren azkartasunari, eta Iruñatik eta Auriztik etorritako su-hiltzaileen laguntzari, laster kontrolatu zuten, eta 8:40rako itzali.

Nafarroako Larrialdietarako Agentziak deia izan bezain laster, Oronoz Mugairiko su-hiltzaileak bidali zituen, eta hortik guttira, Iruñatik etorritako 9 su-hiltzaile, 2 auto-bonba eta zisterna baten laguntza izan zuten. Lehenik erretzen ari zen eremua inguratu zuten hurbil zegoen Natur Parkea babesteko eta sutea ez zabaltzeko. Ondotik itzaltzen hasi ziren zailtasun handiarekin egun horretan haizeak gogor jotzen zuelako.

Erre den pinudia, Narbarteko herriko lurretan da, eta azken urte eta erdi huntan bertan gertatzen den bigarren sutea da. Horrek susmagarria egiten duelako, foru-zaingoak ikerketa abiatu du nahita izan daitekeela pentsatuz. Egun osoan agenteek tokia miatu dute, zerk piztu duen jakiteko lagunduko duen aztarnak aurkitu nahian.

Suteak 3 hektarea pinu gazte erre ditu, baina toki horretan baserririk ez dago, arriskatzen zuen gauza bakarra Bertizko Natur Parkea zen eta su-hiltzaileen lanari esker sugarrak hortik 50 metrotara gelditu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun