Narbarteko zeharbidea moldatzea 1,4 milioi euro gostako da

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 24a, 12:14

Kontzejuak 130.843 euro ordainduko ditu eta Udalak 33.047 euro

Narbarteko zeharbidea moldatzeko lanek kasik 1,4 milioi euroko aurrekontua izanen dute. Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako departamentuak 554.056 euro ordainduko ditu, Toki Administrazio departamentuak 676.299 euro, Bertizaranako Udalak 33.047 euro eta Narbarteko kontzejuak 130.843 euro. Lan hau, sareak berritzeko eta zeharbidea eta bertze karrikak zolaberritzeko Hirurteko Planean onartutako proiektuaren zati bat da.

Zeharbideak 620 metroko luzera du eta garai bateko N-121-A errepidea Narbartetik pasatzen deneko zatia hartzen du. Urteetan egin diren zolaberritze lanen ondorioz, zati batzuetan kaltzada etxeetako sarreren gainetik dago. Beraz, altuera jautsi eta gaur egun ez dauden espaloiak eginen dira bide bazterretan. Bideak lau metro terdi eta sei metro arteko zabalera izanen du eta horren arabera, espaloiak ere metro erdi eta metro terdi artekoak izanen dira. Zola berria ormigoia izanen da herriguneko 240 metrotan eta zeharbidearen hasierako eta bukaerako 380 metrotan asfaltoa emanen da.

Sare berritzeari dagokionez, edateko ura banatzeko eta ur zikinak eta euritakoak biltzeko tubo berriak sartuko dira eta gas, elektrizitate, telefono eta argitari zerbitzuak lur azpitik kanalizatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun