Turismo Kalitateko Q ziurtagiria eskuratu du Bertizko Jaurerriko Natur Parkeak

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 24a, 09:42

Nafarroan hau lortzen duen bigarren natur eremua da, Ilunberriko Arroilaren ondotik

Bertizko Jaurerriko natur Parkeak turismo kalitatearen Q ziurtagiria eskuratu du. Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuak ematen duen ziurtagiria eskuratzen duen Nafarroako bigarren natur eremua izan da Bertizko Parkea eta bederatzigarrena Espainian. Bertizko Parkea, Nafarroako Gobernuko Ingurumena, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Departamentuaren menpe dagoenez, ziurtagiria departamentu horretako Oihan Kudeaketa ataleko Fermin Olabe Velascok eskuratu zuen urtarrilaren 26an Madrilen. Babestutako natur eremuei ematen zaie turismo kalitateko Q-aren bitartez, eremu horietan, kontserbazio helburuekin bateragarriak diren kalitatezko instalazioak eta zerbitzua eskaintzen dituztela ziurtatzen da. Bertizko Parkearekin batera, Ilunberriko Arroilak dauka ziurtagiri hau Nafarroan; Katalunian, Garrotxa eta Montsenyko Sumendi Inguruko Natur parkeek dute, Valentzian Font Rojako Arteen parke Naturalak; Gaztala-Leongo Hoces del Duratóneko Natur Parkeak, Murtziako Sierra Espuñako Parkeak eta Asturiasko Redes eta Somiedoko parkeek.

Bertizko Kalitate Sistema

Kalitate Sistema 2001ean hasi zen proba moduan ezartzen, babestutako zazpi eremutan, tartean Bertizen. Izan ere, 2001eko uztailean Bertizen egin ziren erabilera publikoko kalitate sistemei buruzko lehenbiziko jardunaldiak. Turismo Kalitateko marka lortzeko zenbait arau bete behar dira eta horretan aritu dira buru-belarri lau urteotan parkeko langileak Horretarako, lan ezberdinendako arautegia egin da. Aparkaleku, instalazio eta bidaxken seinalizazioa bateratu egin da, 2003ko otsailean aurkeztu zen irudi korporatiboa erabiliz. Sarreran dauden eskulturak seinalizatu dira eta Markategi eta Gaztaindegia berregin dira, baita interpretazio panelen bitartez seinalizatu ere. Ekimen hauek osatzeko, Parkeko plano-gida berria argitaratu da. Lorategira sarbide berria egin da, Etxeberrian interpretazio zentroa eta oihanera ematen duen atakaren ondoan harrerarako etxola irekiz. Modu berean, parkeko web-orria eraikitzen ari dira eta aurten akautuko dira mindegi bat eta oihaneko lorategi bat instalatzeko lanak. Bertze aldetik, urte hasieran Parkeko Kalitate Batzordea osatu zen, parkeko kalitate politika eta helburuak ezarri, onartu eta aztertzeko helburuarekin. Parkeko langileei dagokienez, Turismo Kalitateko Q-a eskuratu ahal izateko, joan den urteko azaroaren 3an kanpoko enpresa batek Bertizko langileak, instalazioak eta publikoari arreta zerbitzuak ikuskatu zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun