Nafarroako Errepideko Duatloia irabazi du lehen aldiz Mitxel Aginagak

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 20a, 13:48
Kirolari narbartearra denboraldi bikaina osatzen ari da errepidean nahiz Green Cup modalitatean. Utzitako argazkiak

Espainiako Green Cup txapelketan laugarren izan da

Bodegas Borsao taldeko Mitxel Aginaga kirolari narbartearrak maiatzaren 13an Isabako laugarren Duatloia eta honenbertzez, Nafarroako txapelketa irabazi zuen. Guzira, ehun atleta atera ziren Isaban kategoria ezberdinetan. Mitxel Aginagak hainbat aldiz irabazi du Nafarroako mendi duatloi txapelketa, baina lehenbiziko aldia da errepidekoa irabazten duela eta «arantza kendu duela» adierazi du. Hasieran, 6,6 km egin behar izan zituzten lasterka eta hemen osatu zen bortz laguneko taldea. Bertan zeuden faborito nagusiak Mitxel Aginaga, Pablo Arrastia edo Peio Lopez, errate baterako. Elkarrekin ailegatu ziren lehen aldaketara eta bizikletan egin beharreko 24 kilometroetan lortu zuen abantaila Aginagak. Azkeneko 3,3 km Isabako harrizko karriketan egin behar izan zituzten kirolariek, baina Aginagak ongi eutsi zion bere aldeari. Azkenean, ordubete, 10 minutu eta 34 segundu behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Pablo Arrastia izan zen bigarren, minutu eta bi segundura eta Valle de Egues taldeko Iñaki Marsalek osatu zuten podiuma, narbartearrak baino minutu eta 34 segundu gehiago erabilita. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Peio Lopez laugarren izan zen eta David San martin independientea bosgarren.

Espainiako Green Cup txapelketan laugarren

Isabako probaren aitzinetik, maiatzaren 7an, Ciudad Realgo Puertollano hirian egin zen Espainiako Green Cup txapelketan parte hartu zuen Mitxel Aginagak. Txapelketa honetan, Green Cup Martiko taldearen izenean aritzen da narbartearra eta bosgarren postua eskuratu zuen proban eta laugarrena Espainiako txapelketan, bere aitzinetik sartu zen kirolaria portugaldarra baitzen. Vilanova taldeko Agusti Roc Amador izan zen irabazle, Green-Cup Martiko taldeko Santiago Arnes bigarren eta Vilanoba taldeko Victor del Corral hirugarren. Taldeka, Green Cup Martiko izan zen irabazle.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun