Ondarearen Interpretaziorako Elkarteak jardunaldiak eginen ditu Natur Parkean

ttipi-ttapa 2006ko mai. 11a, 17:59
Ondarearen interpretazioari buruzko adibideak aztertuko dira Bertizen. TTIPI TTAPA

Urteko batzar orokorra ere Bertizen eginen du martxoaren 2tik 4ra

Ondarearen Interpretaziorako Elkarteak, AIP delakoak, bosgarren jardunaldiak eta urteko batzar orokorra eginen ditu martxoaren 2tik 4ra Bertizko Natur Parkean. Jardunaldi hauek antolatzeko Cederna-Garalur elkartearen, Nafarroako Gobernuaren eta Gestion Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra enpresa publikoaren laguntza izanen du.

Martxoaren 2an, ortzegunarekin, jardunaldien aurkezpena eginen da goizeko 9:30etatik 10etara. 10etatik 14etara, Arkeologiaren eremuan Ondarearen interpretazioaz arituko dira Carlos Alonso, Andaluziako Juntako Kultura Kontseilaritzako teknikaria, Antonio Espinosa, Alicanteko Villajoiosako Udal Museo Arkeologikoaren zuzendaria eta Manuel Luque, Burgosko Paleoramakoa. 16:30etatik 20:30etara, Babestutako Natur Eremuetako Ondarearen interpretazioaz arituko dira Juan Manuel Salas Rojas, Andaluziako Juntako Ingurumen Kontseilaritzako teknikaria, Javier Benayas eta Maria Muñoz, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekologia Departamentuko kideak eta Marlene Anaya, A Coruñako INECO erakundeko interpretazio teknikaria.

Ortziralean, martxoaren 3an, goizean planifikazio interpretatiboaz arituko dira eta dagoeneko ondarearen interpretazioan arituak diren pertsonek zenbait kasu aztertuko dituzte. Algeciraseko Jorge Moralesek kontsultoreak sarrera egin eta gero, Aezkoako kasuaren berri emanen du. Ondotik, Francisco Guerrak, Sevillako SEEDA erakundeko zuzendariak Kanarietako Barranco Mascako kasua azalduko du. Ortziral arratsaldez, planifikazio interpretatiboarekin segituko dute 16:30etatik 20:30etara. Nafarroako Orgiko Hariztiko kasua azalduko dute Eduardo Gonzalezek eta Gorka Gorospek, Orgiko Hariztiko Natur eta Jolas Eremuko Kudeaketa taldekoek. Isabel Ibarrolak, ingurumen hezitzaileak eta Erabilera Publikoko programen aholkulariak, Bertizko Jaurerriko lorategian ingurumen arazo bat moldatzeko interpretazio aktiboaren adibidea eskainiko du.

Ortziral arratsaldean eginen den jardunaldi honen parean, bertze gela batean, gidariak eta ondarearen interpretazioa izaneko jardunaldia eginen da 16:30etatik 19:30etara. Ondarearen interpretazioan aritu ez direnei zuzenduta dago eta lekua 25 pertsonentzat mugatua izanen da. Interpretazioan hasteko eta zerbitzu gidatuetan erabiltzeko formakuntza saioa izanen da, Caja de Burgoseko Ingurumen Ikasgelako Zuzendaria den Miguel Pinto Cebrianen eskutik.

Larunbatean, azkenik, Ondarearen interpretaziorako Elkartearen urteko batzarra prestatzeko saioa eginen da goizean, elkarteko kide diren pertsonei zuzendua eta 18etan urteko ohiko batzarra eginen du elkarte honek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun