800.000 euroko inbertsioa eginen da aurten Natur Parkea egokitzeko

ttipi-ttapa 2006ko api. 25a, 14:33

Itsuen bisita errazteko GPS bitartez sistema berria ezarriko da

Nafarroako Gobernuko Ingurumena, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Departamentuko kontseilariak Bertizko Natur Parkea bisitatu zuen martxoaren 20an, aurten parkean eginen diren egokitze eta hobetze lanen berri zuzena jakiteko. Lan honetarako 800.000 euroko aurrekontua bideratuko du Nafarroako Gobernuak. Bertzeak bertze, pertsona itsuendako parkerako sarbidea eta bisita erraztuko da. Kontseilariarekin batera, Bertizarana, Baztan eta Etxalarko udal agintariak, Oieregiko kontzejukoak eta Bidasoa-Berroarango juntakoak izan ziren Bertizen.

Aurten eginen diren egokitze lanen bitartez, publikoaren erabilerarako kalitatezko eskaintza egin nahi da, beti ere lekuaren kontserbazioarekin bateragarria den neurrian. Honela Zabala etxea moldatu eta gazteendako aterpe gisara irekiko da; lorategi historikoko zuhaitzak seinalizatuko dira; batez ere hezkuntzara zuzendutako oihan mindegia instalatuko da; Parkearendako berezko web-orria osatuko da; Bertizen eta inguruan dauden oihan-mota ezberdinen erakusgarri den lorategi botanikoa jarriko da eta jaurerrira sartzeko zubiaren lanekin segituko da. Modu berean, arestian aipatu bezala, itsuen bisita errazteko GPS sistema berri bat ezarriko da eta horretarako hainbat bilera egiten ari dira ONCE Fundazioarekin. Modu berean, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuarekin, Parkera ailegatzeko seinalizazioa ere hobetuko da. Azkenik, bertze urteetan bezalaxe, Bertiz mendian mantenimendu lanak eginen ditu parkeak, inguratzen duen zerrakura hobetuz eta bertakoak ez diren zuhaitzak pixkanaka kenduz. Oihan mindegiaren bitartez, parkean bertan sortuko dira zuhaitzak, Bertiz mendian bildutako haziak erabiliz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun