300 lagunek parte hartu zuten Berako VIII. Mendi Eguneko ekitaldietan

TTIPI-TTAPA 2015ko urt. 22a, 15:52
56 bikotek eta bi hirukotek parte hartu zuten Santa Barbarako igoeran. Aitor AROTZENA

56 bikote eta 2 hirukote Santa Barbarako Igoeran

Kasik 300 lagunek parte hartu zuten urta­rrilaren 10ean Berako Mendi Egunaren zortzigarren edizioaren harira antolatutako ekitaldi ezberdinetan. Agerra Mendi Taldeak, Man­ttalek eta Gure Txokoak 2007ko urtarrilaren 13an Taillonen hildako Xabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegiren omenez  presta­tzen dute eguna.
 
Larunbat goizean eskalada tailerra egin zen Toki Ona kiroldegian, eta 60 bat neska-mutikok parte hartu zuten. Arra­tsaldean, Santa Barbarara oinezko mendi ibilaldia, binakako kronoigoera eta hau­rrendako lasterketak egin ziren. 50 bat lagunek parte hartu zuten oinezko ibilaldian eta 60 bat korrikalarik ttikienen lasterketan.
 
5,5 kilometroko erlojuaren kontrako lasterketan 56 bikotek eta bi hirukotek hartu zuten parte, joan den urtean baino lau gehiagok. Bortz herrietako kirolariekin batera, Irun, Sara edo Iruñetik ere hurbildu ziren. Rikardo Baroja eskolaren paretik minutuero atera ziren partehartzaileak eta jendearen animoak bildu zituzten ibilbide osoan, baita hildako mendizaleak gogoratzen zituzten koloretako xingolak Santa Barbara gaineko hornidura lekuan ere. Ohikoa denez, lasterketa ez da konpetitiboa, baina bikoteen denborak hartu zituzten eta panel batean erakutsi.
 
Probaren ondotik, partehartzaileentzako berendua eskaini zen eskolako jangelan eta oparien zozketak ere egin ziren.
 
MUNDUARI BIRA
Mendiaren Eguna borobiltzeko, kultur etxean Aitor Igiñitz gipuzkoarrak eta Laura Martinez Calderón ma­dril­darrak La vuelta al mundo en pedales do­ku­mental interesgarria aurkeztu zuten. Duela 8 urtez geroztik txirrindulan mundua ezagutzen dabiltza, eta oraingoz 80.000 kilometro burutu dituzte, 45 herrialde zeharkatu, bertzeak bertze, Angola, Bosnia Herzegovina, Bulgaria, Txina, Dubai, Arabiar Emirerri Batuak, Espainia, Frantzia, Italia, Etiopia, Iran, Kenia, Malasia, Mongolia, Namibia, Nepal eta Monacon barna.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun