«Oraina bizi dute, bihar zer datorren berdin du»

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 31a, 08:36
Zortzi urte ditu Elizondoko Naroa Etxaide Ballarenak.

ETXAIDE BALLARENA familia

«Haurra ongi sentitzen denean jostetan edo irriz ikusten duzu, oraina bizi dute, bihar zer datorren berdin du»

 

Bitan jo du eritasunak beraien atea «lehenbiziko aldia, 2014ko irailaren 28an izan zen. Urritik aben­­dura arteko tartea gogorra izan zen baina eboluzioa ona zela eta haurrak tratamendua aguantatzen zuela ikusten genuenez, hobeto generaman. Urte eta piku bo­rrokan eman ondotik, be­rriz ere gaixorik zegoela aditzea izan zen gogo­rrena» azaldu dute Alejo Etxaidek eta Roxa Ballarenak, Naroaren gurasoek.
Bortz urte zituen Naroak Hodking linfoma diag­nostikatu ziotenean «berehala ikusi zuten ­ tumorea ez zela ona eta tratamenduarekin hasi beharra zegoela».


HAURRARI KONTATZEA
Haurrarekin hasmentatik gaiari buruz solas egiteko gomendatu zieten: «Adanokoek liburu bat eman ziguten eta Naroa­ri kontatzen joan ginen. Hartz medikuaren istorioa zen. Haurren­tzako egokiak diren hitzak erabiliz kontatzen dizu eritasun bat duela, ez dela katarro bat bezalakoa... gogorragoa dela eta sendatzeko emanen dioten medikamentuak zelula txarrak desagerraraziko dituela baina onak ere bai». Liburuak gerta­tzen ari zitzaiona ulertzen lagundu zion Naroari, «gauzak galdetzen zizkigun... baliagarria izan zen beretzat». Dena den, Alejok dio ez dela erraza alabarekin gaiaz mintzatzea «gaizki zegoenean galdetu izan dit: ‘eritasun honekin jendea hil egiten da?’ Hori alabaren ahotik entzutea  gogorra da. Erantzun bat eman beharra diozu. Baietz eran­tzun nion, baina  aunitz direla senda­tzen direnak». Ahizpa eta anaia ditu Naroak eta zaharrenarekin ipuinak ez zuen balio izan: «berak gehiago jakin nahi zuen».

FAMILIA GUZTIARI ERAGIN
Izan ere, ez da atzendu behar eritasuna Naroak izan ­arren, familia guztiari eragiten diola «hiru seme-alaba ditugu eta egunerokoan aldaketak gertatzen dira. Ordura­rte guztiok beti elkarre­kin geunden. Ingresoak, mediku-azterketak... zirela eta erabat elkarrekin ezin egon hori arras gogorra izan zen niretzat» azaldu du Roxak.

GAIXOTASUNARI AURRE EGITEKO JARRERA
Gaixotasunari aurre egiteko garaian gauzak aunitz erraztu ditu Naroaren izaerak «alaia da, bizia, umore onekoa eta hau­rra izan arren, gogo­rra». Kimioa hartu ondotik, bere buruari erronka jartzen zion Naroak «kimioaren eraginez belaunetako indarra galdu egiten da. Gurpildun aulkian­ mugitzeko aukera ema­ten dizute orduan, baina berak ezetz erraten zien. Oinez joaten zen, ahal ­zuen bezala, baina oinez. Guri hori ikusteak inda­rra ematen zigun».

2015eko ekainean­ ­erran zieten guztia ongi zegoela baina abenduaren 22an berriz ere gaixorik zegoela jakin zuten «kolpea izan zen guz­tion­tzat». Pro­­ze­sua bera ere gogorragoa izan da bigarren aldi honetan «ez zelako dena lehenbizikotik ongi joan, bidetik atera gabe. Tratamendu batekin eta bertzearekin saia­­tzen ziren baina ez zuen hobera egiten. Zortea izan genuen, azken aukerak funtzionatu egin zuelako». 2016ko irailaren 5ean hartu zuten be­rri ona «dena ongi zegoela erran ziguten. Irailaren 23an auto­transplante bat egin zioten ziurtatzeko eta gerora egindako az­terketa guztiek ongi dagoela diote. Maia­tzera arte medikamentua har­tzen segiko du, arris­kuak ekiditeko». Eta gero, normal­tasunera itzul­tzeko aukera izanen du «bi urte daramatza borro­ka honetan eta milaka plan ditu buruan».
Bizitzea egokitu zaiena gogorra izan arren, aurpegiko irri­barrea ez zaie itzaltzen gaiaz solas egiterakoan «gauza txa­rrak burutik ezabatzen dituzu eta onekin geldi­tzen zara».

«'Ez dakit nola posible duzun' erran izan digute. Ez dugu bertze aukerarik. Ez da aukera bat, gogorra izan behar duzu eta kitto».

 

«Horrelako zerbait bizi ondotik, arazoak ­erlatibizatzen ikasten duzu, detaile ttikiez gozatzen. Lehen ­ikaragarria iruditzen zitzaizun, orain ez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun