Uholdeetarako larrialdi plana egin du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 9a, 07:27
2014ko uholdeek utzitako bultzaturik egin du larrialdi plana Balleko Etxeak.

Erratzu, Elbete, Elizondo eta Oronozerako bortz alarma maila desberdin finkatu dira

2014ko uholdeek utzitako kezkak bulkaturik Baztango Udalak bailaran izaten diren uberroei buruzko larrialdi plana egin du. Planaren helburua da uholdeengatik mehatxatutako populazioa babesteko eta ahal dela kalteak arintzeko, udalak eta herritarrek informazio, aurrikuspen, alerta eta ekintza dispositibo etengabea izatea.

 

Modu horretan Erratzu, Elbete, Elizondo eta Oronozerako bortz alarma maila desberdin finkatu dira eta, horien arabera agintari eta herritarrek neurri desberdinak hartu beharko dituzte. Alarma mailaren araberako fitxak ere egin dira datu publikometrikoak eta uraren emaria kontuan hartuz ukitutako inguruak zehazten dituztenak eta egin beharreko ekintzak definitzen dituztenak. Planaren idazketak 6.000 euroko kostua izan du eta Tracasa enpresak egin du. Orain hori guztia aplikazio informatikoan eta komunikazio sisteman bihurtu behar da.

Helburu horrekin hain zuzen, joan den otsailan Joseba Otondo alkatea eta Mikel Ortega zinegotzia Nafarroako Gobernuko Uraren Zerbitzuko arduradun eta teknikariekin bildu ziren. Bilera horretan Uraren Zerbitzuko arduradunek udalaren larrialdi plana ezartzeko behar den sistema informatikoa eta komunikazio sistema garatzeko konpromisoa hartu zuten. Horretarako H2O Gurea programako dirulaguntzak baliatuko dira. Hala, behin hori guztia abian dela herritarrengana zuzenduko dira, planaren berri emateko eta alerta sisteman izena emateko.

Modu berean Uraren Zerbitzuak gonbidaturik, otsailean ere, Mikel Ortega udaleko zinegotziak Irungo Behobia auzorat egin zen bisitan parte hartu zuen. Bisitaldi horretan uholdeak maiz izaten dituen Behobian kalteak prebenitu eta arintzeko egiten dituztenak ikusi ahal izan zituen.

Bertzalde, Baztango Udala Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari zuzendu zaio Elizondoko Giltxaurdi zubiaren begia karrakatzeko eskatuz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun