Gan-torri zerbitzua 11.534 pertsonek erabili dute 2004. urtetik honat

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 16a, 11:38
Banaz bertze urtero 823 lagunek erabili dute zerbitzua.

Baztango herri guztietako bestetan eta Baztandarren Biltzarrean eskaintzen du Udalak

Baztango Udalak Gan-Torri programa antolatzen du urtero. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako programa da eta honen helburua kotxe istripuak saihestea da. Horretarako herrietako bestak ospatzen diren larunbatetan zein bertzelako ospakizunetan autobusa jartzen da, herriz herriko desplazamenduak –joan-etorriak- egiteko. Gan-Torri programa, Baztango Udalean 2004 urtetik martxan dago eta 12 urte hauetan 11.534 pertsonek erabili dute zerbitzu hau.

 

Zerbitzuaren erabiltzaile kopurua 14 urte hauetan mantenduz joan da, grafikoan ikusi daitekeen bezala, bataz beste, urtero 823 pertsonek erabili dute zerbitzu hau.

Nafarroako Gobernuak zerbitzua finantzatzeko diru-laguntza ematen du, hau, urtetik urtera gutxituz joan da. Lehenbiziko urteetan 4.000 euro inguruko diru-laguntza ematen zuten eta azkeneko urteetan 2.900 euroko laguntza bertzerik ez dute eman.

Zerbitzuaren kostua gutxi gora behera 9.000 eurokoa da urte bakoitzeko, beraz, Nafarroako Gobernuko diru-laguntzak ordaintzen ez duena Baztango Udalak bere gain hartzen du. Baztango herri guztietako bestetan eta Baztandarren Biltzarrean zerbitzua ematen da, hau da, 16 zerbitzu urtean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun