Mendi Abesbatzak kontzertua eskainiko du otsailaren 18an Erratzun

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 15a, 08:44
Baztan eta inguruko obrak eskainiko ditu Mendi Abesbatzak Erratzun.

Larunbat arratsaldeko 8etan elizan, Baztan eta bere inguruarekin zerikusia duten obrak abestuko dituzte

Otsailaren 18an, larunbat arratsaldeko 8etan Erratzuko Elizan Doneztebeko Mendi Abesbatzak Kontzertua eskainiko du. Bertan estilo desberdinetako hainbat doinu entzun ahal izanen dira, baina abesbatzako kideak bereziki Baztan eta bere inguruarekin zerikusia duten obrak hautatzen saiatu dira. 

 

Horrela, Lekarozko Institutuan hainbat urtez egon zen Aita Donostiaren kanta batzuk abestuko dituzte, tartean Alduden gizonik ez izenekoa; Elizondon jasotako doinu baten gainean Xabier Sarasola beasaindarrak konposatutako Neskatx' Ederra abestuko dute; Urepeleko Xalbador bertsolari handiari eskainitako Xalbadorren heriotzean ere bertan izanen da...

Kontzertuan hainbat bakarlarik ere parte hartuko dute: Arantxa Ziganda, Alicia Telletxea eta Mañoli Apeztegia sopranoek, Xalbador Arriola tenoreak eta Beñardo San Miguel baritonoak hain zuzen ere, Ruth Etxebeste pianojolea eta Itziar Irigoien txistulariaren laguntzaz. Zuzendari lanetan Ion Irazoki ariko da.

Kontzertua Nafarroako Abesbatzen Elkarteak antolatu du, Abesbatzak Nafarroan Kontzertu Sailaren barrenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun