Mila euro ordaindu beharko ditu Garbiñe Elizegik Aroztegiako proiektua ‘pelotazo urbanistikoa’ dela adierazteagatik

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko ots. 14a, 14:50
Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohiak babesa jaso du auzitegietarako harat-honatetan.

Baztango EHBilduren ustez, epaiketa bera eta gaur argitaratutako epaia adierazpen askatasunaren kontrako eraso larria dira eta helegitea jarriko dute 

Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohiak 1.000 euroko kalteordaina ordaindu beharko dio Palacio de Aroztegiari, Aroztegiako proiektua ‘pelotazo urbanistikoa’ zela adierazterakoan, enpresaren ohorearen kontra egin zuelakoan, otsailaren 14an emandako epaiaren arabera. Enpresak berak 36.000 euroko kalteordaina eskatzen zuen bitartean, Fiskaltzak eta Elizegik berak auzia desestimatzea eskatzen zuten.

Baztango EHBilduren ustez, epaiketa hau adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria izan da eta are gehiago argitaratutako epaia… «Krisi ekonomiko, ekologiko eta sozialak eragiten dituzten jokaldi ekonomiko espekulatzaileak salatzeagatik zigortu nahi gaituzte. Hondamendira eramaten gaituztenak inpunitate osoarekin jokatzeko aurrekari ikaragarria da ordezkari politikoak herritarren borondatea defenditzeagatik eta pelotazo urbanistikoak salatzeagatik zigortzea». EH Bilduren ustez, berreziki larria da fiskala bera enpresak jarritako demandaren kontra agertu zela, Garbiñe Elizegiri arrazoia emanez, «eta hala ere epaileak enpresaren ustezko ohorea adierazpen askatasunaren aitzinetik jartzea. Lege berriek herritarren adierazpen eskubidea ihartzen dutenean, haratago joatea ezinezkoa zela zirudienean, berriz ere Nafarroako erregimenaren indarrek marka guztiak hautsi dituzte. Nola deitu behar diogu 530.000 euro inguru balio zuen lur batek ia 36 milioi inguruko balio izatera pasatu izana “pelotazo” ez bada?» dio EH Bilduren oharrak.

Bidegabekeria honen aitzinean, epai honen kontrako helegitea jarriko duela jakinaradi du Baztango EHBilduk, «eta oztopo guztien gainetik segituko dugula herritarren borondatea defenditzen. Inposizio, mehatxu eta isunek ez diote proiektu honi zilegitasunik ematen, guztiz kontrakoa. Modu berean, agerian uzten dituzte gisa honetako proiektuak defenditzen dituzten ordezkarien benetazko interesak eta eztabaida politikorako ezgaitasuna».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun