Nahi eta ezinean ibili da Xabier Ibargarai erratzuarra buruz buruko bere hirugarren finalean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko ots. 13a, 10:48
Ibai Perez txapeldun eta Xabi Ibargarai azpitxapeldun, Munduko buruz buruko pala txapelketaren finalean.

3-0 galdu zuen Ibai Perez bizkaitarraren kontra, otsailaren 10ean Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako Munduko txapelketaren finalean

Hirugarrena izaten omen da balekoa, baina Xabi Ibargarairen kasuan ez da halakorik gertatu. Ortziralean, buruz buruko Munduko pala txapelketaren hirugarren finala jokatu zuen, baina aitzineko bietan bezala, galtzea suertatu zitzaion. Ibai Perezek 3-0 irabazi zion (10-3, 10-8 eta 10-6)

 

Ibai Perezek lehen finala zuen, baina nagusitasun handiz irabazi zion ortziralean Xabier Ibargarairi Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duen buruz buruko txapelketako finalean. Sestaoko atzelariak 3-0 irabazi zion Erratzukoari (10-3, 108- eta 10,-6), Bilbon, eta lehenbiziko aldiz jantzi zuen txapelik preziatuena. Sakea izan zen finaleko gakoa, txapeldunak ederki baliatu zuelako, eta erratzuarra ez zelako fin ibili errestoan. Ibargaraik, 2014 eta 2015eko finalak Fusto handiaren kontra galdu ondotik, bazuen oraingoan itxaropena, baina Perez nagusi izan zen.

Bi urte pasa dira Perezek pala profesionalean debuta egin zuenetik eta honezkero jo du goia. 26 urterekin txapelketa ikusgarria egin du, finalerdietan —sei aldiz txapeldun uzabdaji Pablo Fustoren aurka— eta finalean 3-0 irabazita. Perezek errana zuen saketik min egin behar zuela irabazteko eta nahi zuen partida atera zitzaion. Lehen jokoan 10-3 irabazi zuen.

Partidako jokorik orekatuena bigarrena izan zen. Ibargarai 5-3 eta 8-5 irabazten joan zen, baina Perezek buelta eman zion hormabikoz eta zabalera sakatuz. Tanto bikainak egin zituen. 8-9koa, erraterako, saketik egin zuen, hormabikoz. Joko hori galtzea bizkarreko handia izan zen Ibargarairentzat eta azkenekoan nabaritu zitzaion (10-6). Erratzukoak ez zuen bere eguna izan eta hamazazpi huts egin zituen. Perezek guztira egindako tantoen erdia baino gehiago dira horiek.

Finalaren aitzinetik hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida jokatu zuen eta Pablo Fustok Esteban Gaubekari irabazi zion. Gaubekak, sorbaldako minez, bertan behera utzi zuen partida lehen bi jokoak galdu ondoren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun