Aniz eta Berroetako herriek pausu garrantzitsua eman dute hondakinen kudeaketan

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 2a, 12:35

Joan den urte akabailan Baztango Udalak bi herri hauetan martxan paraturiko kanpainan herritarrek emandako erantzunak eta lorturiko emaitzek eredugarri bilakatzen dituzte Basaburuako kuarteleko bi herri hauek

Joan den urteko azken hiruhilekoan Baztango Udalak Aniz eta Berroetan kanpaina bat abiatu zuen onartu berri den Nafarroako Hondakinen Planak proposatzen duenaren ildotik herri hauetan sortzen den gai organiko guztia herrian bertan kudeatu eta edukiontzi berdeetako zabor kantitatea guttitzeko asmoz. Herri hauetan buruturiko kanpaina esperientzia pilotua da Baztanen eta hemengo emaitzak ikusita, eredua Baztango bertze herri batzuetara zabaltzea da Udalaren asmoa.

Kanpainaren barnean bildutako zaborraren karakterizazio edo azterketak egin  dira, etxe guztietara eskutitzak bidali, bilkura informatiboak egin eta baita etxez etxeko bisitak ere. Edukiontzi berdeei, gai ez birziklagarriak botatzeko kontenedoreei tapa edo aho ttikia jarri zaie, honela gauzak ongi egiten dituzten familiei erreztasunak eman eta gaizki egiten dituzteneei zailtasunak jarriz.

Kanpainaren ondorioz familia guztiek beraiek sorturiko zabor organikoa etxeko konposta, auzo konposta edo zerri bazka bidez tratatzeko konpromezua hartzea lortu da, kontenedoreetan bildu beharreko eta Tuteraraino garraiatu beharreko hondakin kopurua aunitz murriztuz eta biltzen den honetan dagoen gai birziklagarrien presentzia ere aunitz guttituz. Kanpaina aitzinetik eta ondoren eginiko karakterizazioetan ikusi ahal izan denez, ekimenaren ondorioz Anizen edukiontzi berdeetan bildutako zaborra erdira murriztu da eta Berroetan ia heren batera. Edukiontzi berdean agertu diren gai birziklagarrien kopurua berriz erdia izan da bi kasuetan.

Honela bada, proposaturiko helburu edo emaitzak lortu eta benetan herri eredugarriak bilakatu dira bi hauek, hondakinen kudeaketa zerbitzua hobetzen lagundu dute eta hala jarraitzen duten bitartean ordaindu beharreko zabor tasetan deskontuak eduki ahal izango dituzte. Aurten, ekimena Baztango herri gehiagotara zabaltzea izanen da helburua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun