Elizondoko sarrerako zubia egiteko eskatu dio Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 1a, 07:31

Mozio berean, Lekarozko herria kanposantuarekin saihesbidearen gainetik zaldain batekin lotzeko eskaera ere egin zen

Urtarrilaren 26an egin zen ohiko osoko bilkuran, Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari Elizondoko sarrerako zubia egiteko eskatzea erabaki zuen. Mozio berean, Lekarozko herria kanposatuarekin saihesbidearen gainetik zaldain batekin lotzeko eskaera egitea ere onartu zen. Proposamena EH Bilduk eta Baztango Ezkerrak aurkeztu zuten eta aho batez onartu zen.

 

2012an Elizondoko saihesbidea ireki zelarik saihesbidetik herrigunerako sarrera Braulio Iriarte karrika meharretik egin zen jakinik, horrek buhauste handiak eta arrisku egoerak ekarriko zituela eta behin-behineko aterabidea izanen zela. Ordurako Nafarroako Gobernuak Baztan Berrin gaindi Santiago karrikan barna Elizondorat sartzeko zubia egitea aurrikusi zuen baina oraino ez du pausirik eman. Hala, egoera luzatzen ari dela ikusirik Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari zubia egiteko eskatzea erabaki zuen.

Modu berean, saihesbidea egin zelarik Lekarozko herria kanposaturako oinezkoen pasabiderik gabe gelditu zen. Lekarozko herriak behin baino gehiagotan errepidearen gainetik oinezkoendako zaldaina egitea eskatu izan du, baina halakorik ez da egin. Horrela, lekaroztarren aldarrikapena gogoan hartuz, mozio berean Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari aipatu zaldaina egiteko eskatzea erabaki zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun