erran.eus

Esne sektoreak bizi duen kinkari erantzunez mahai-ingurua egin dute Elizondon

  Gizartea  Baztan

Hazitik Hozie elkarteak eta EHNE sindikatuak antolaturik, interesatutako jende aunitz bildu zen larunbat eguerdian Arizkunenean

Apirilaren 1etik Danonek Nafarroako mendialdeko 7 nekazariri esne gehiagorik bilduko ez diela jakinarazi ondotik -tartean bi baztandar- eta Sorian 20.000 behi buruko esne ustiategia egiteko proiektua dagoela jakinik, esne sekorearen orainaz eta geroaz gogoeta egiteko larunbatean Elizondon mahai-inguru jendetsua egin zen. Hazitik hoziek eta EHNEk antolaturik Migel Joxe Ariztia amaiurtar nekazaria, Oier Villanueva Nafarroako EHNEren esne sektoreko arduraduna eta Mikel Hiribarren, Confederation Paysanne- ELBko koordinatzailea Aitor Azkarateren, Jauregia esnekietako kidearen gidaritzapean aritu ziren. Mahai-ingurua mehatxu berri hauei erantzuteko lehendabiziko urratsa izan zen.

 
Esne sektoreak bizi duen kinkari erantzunez mahai-ingurua egin dute Elizondon
Jende aunitz bildu zen Arizkunenean solasaldia aditzera. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Mahai-inguruaren sarreran Aitor Azkaratek esne sektorearen ibilbide historikoaren laburpena egin zuen. XX. Mendeko 60 hamarkadan frankismoaren autarkian, mendialdean esnetako behiak hasi zirela aipatuz eta, horrekin, denborarekin aunitz aldatuko zen sektorea. Europako Batasunean sartzearekin, merkatuen zabalkundea eta berregituraketa eman zela jakinarazi zuen Estatuen araberako kuotak paratuz eta sektorearen gainbehera ekarriz. Ariztiak eta Hiribarrenek aipatu zutenez Espainiako Estatuak 6 milioi esne tona ekoizteko baimena du eta Frantziako Estatuak 35 milioi tona. Azkaratek ohartarazi zuen ekoizpen-sariak aldiro goratzen ari direla eta esnearen prezioa berriz jaisten eta, horren ondorioz, nekazarien errenten apaltzea eta jardueraren itotzea. Ariztiak indarrean den ereduak nekazariak produktibitatera bulkatu dituela salatu zuen  Lan-baldintzak gogorrak direla aipatu zuen eta kuoten kentzearekin  gaizki zebilen sektorea makurrago ibiliko dela ustiategi handiei atea irekitzen baitzaie. Bide beretik, Oier Villanuevak kuotak kenduz gero botere guztia enpresen eskuetan gelditu dela erran zuen, esnea merkantzia hutsean bihurtuz. Danoneri buruz, orain artio beraiekin hitzarmena izatea bermea zela erran zuen, baina, gaurgero, ez dela hala. Halaber, batzuei esnea ez biltzearekin bat, bertze ustiategi batzuei produkzioa handitzeko eskatu dietela jakinarazi zuen.

Mikel Hiribarrenek, bertzalde, Frantziako estatuan ere sektorean estu ibilki dela erran zuen. Alta, batez ere, Picardia alderdian egin nahi zuten 1.000 behi buruko ustiategia geldiarazteko Confederation Paysannek egindako borrokari buruz aritu zen. Frantziako estatuan kontsumitzaileek elikaduraren eta laborantzaren artean nolabaiteko lotura dagoela ulertu dutela erran zuen eta, horregatik, ez dutela 1.000 buruko ustiategiko esnerik erosi nahi. Horren guztiaren ondorioz, Frantziako enpresa esneketariak hango esnerik ez erostea erdietsi dutela aipatu zuen. 

Modu horretan, galdera-erantzunen tarterat ailegatuta, Danonek esnea biltzetik utziko dituen zazpi nekazarien egoerari aterabidea emateaz aritu ziren. Bertzeren artean, zazpi nekarazi horien arazoa  sozializatu eta gizarte osoaren arazo bihurtu behar dela aipatu zen, orain zazpi direnak bihar gehiago izanen baitira. Halaber, mobilizatu beharra aipatu zen enpresen eta Nafarroako Gobernuaren aitzinean indar gehiagorekin solastatu ahal izateko eta, horrela, mendialdeako ustiategi guztiei esnea bilduko zaiela bermatzeko. Epe ertainera orain artiko eredua aldatu beharraz ere aritu ziren.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa