Elizondoko San Antongo zozketako aretzea eta zerria zenbaki berarentzat izan dira historian lehen aldiz

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 18a, 08:59
Jende gutti bildu zen Elizondoko plazan, zozketan parte hartzera. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Ramon Apezetxea Almandozko apeza da 3.822 zenbakiaren jabea

Gutienez 1867. urtetik egiten da Elizondon Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxearen aldeko zozketa eta inoiz ez zen halakorik gertatu. Lehen eta bigarren saria, aretzea eta zerria, zenbaki berari egokitu zitzaizkion: 3.822. Ramon Apezetxea Almandozko apezak erosi zuen Foto Zaldua argazkidendan.

 

Beti bezala, Balleko Etxeko balkoian egin zen zozketa eta lau umek atera zituzten zenbakiak, Elizondoko eskolako ikasleak lauak: Elizondoko Raika eta Keyra Ballarena bixkiak eta Xuban Zelaieta eta Elbeteko Imanol Goienetxe.

Hirugarren saria (bildotsa), 7.251 zenbakiari egoitu zitzaion eta laugarren saria, urdaiazpikoa, 2.937 zenbakiari. Aipatzekoa da lehen sarirako 3.496 zenbakia atera zela lehenik, baina saridunik ez zen agertu. Bigarren aldiz atera eta, banan bana, bigarren sariko zenbaki bera atera zen: 3.822. Zenbait zalantza izan zituzten zozketan lagundu zuten zinegotziek, baina Ainara Armendariz udal idazkariak, eman zien erantzuna eta bi sariak zenbaki berarendako izan ziren.

Zozketa egin baino lehen, txistulariak ibili ziren karriketan, Baztanzopak banatu zituen Jose Mari Zelaietak gidatutako sukaldari taldeak eta bertsolariak ere aritu ziren kantari.

Denera, zozketa honekin 7.035 euroko boletoak saldu ditu urten Zahar Etxeak, «gero eta gutiago». Jende aunitzik ere ez zen bildu Elizondoko plazan.

 

Igandean erromeria Lesakako Endara auzoan

Lesakan, Zubietan eta Erratzun ere ospatu zuten San Antongo seinalea. Lesakako Endara auzoan igandean ere segida izanen du ospakizunak, San Antongo erromeriarekin. Aitzinetik, larunbatean soinulariek kalejira eginen dute herrian zehar eta igande goizean mezak izanen dira orduero (10:00, 11:00 eta 12:00), baita trikitixa doinuak, erroskila saltzaileak eta bertze hainbat kontu ere. Lesakatik eta inguruko herrietatik oinez, bizikletaz, zaldiz eta, batez ere, autoz hurbiltzeko ohitura handia izaten da. Lesakatik, mendi ibilaldia antolatu du Beti Gazte elkarteak 08:00etan plazatik abiatuta eta Buruztanka Gaztetxeak ere ibilaldia antolatu du, 09:00etan abiatuta. Ondotik, bazkaria eginen dute Arranon. Arratsaldean dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun