Eraso sexisten aurkako protokoloa baloratu du Baztango Bilgune Feministak

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 17a, 10:58

Aurtengo udara begira formakuntza saioak prestatuko dituzte

2016. urtea bukatu zaigun honetan, eta 2017aren bidea abiatu dugularik, Baztango Bilgune Feministatik azkeneko urte honetan egindako lanaren balorazioa egin eta aurtengo prestatu dituztenak azaldu dituzte.

 

2016. urtean Baztango herri gehienetan eraso sexisten aurkako protokoloa martxan paratzea lortu zuten. «Izan ere, Arraioz, Elbete eta Zigan ezik, bertze herri guztietan lortu dugu protokoloaren berri eman eta herriko besta batzordeekin informazio trukaketa egitea. Beraz, gurekin elkarlanean aritu diren herriak eskertu eta zoriondu nahi ditugu. Etorkizunari begira, aurten lortu ez bada ere, datozen urteetan Baztango herri guztietan protokolo hau martxan paratu nahiko genuen», aipatu dute Bilgune Feministatik.

Protokoloa martxan paratu den herri ia guztiekin ere, protokoloaren balorazioa egiteko aukera  izan dute. Orokorrean, besta batzordeen aldetik balorazioa arras positiboa izan da eta hauek egindako ekarpenei esker hobetzeko arloak  ere identifikatu dituzte: «Beraz, aurtengo herriko bestei begira hutsune horiek betetzen saiatuko gara. Informazioa ahal bada lehenago helaraziz, formazioa eskainiz eta gai honen inguruan interesa piztuz».

Protokoloa martxan paratu bada ere ez da herriko bestetan salaketarik izan. «Berez hori berri ona izaten ahal den arren –dio Bilgune Feministak–, aunitzetan  gertatzen da, erasoak gertatu eta erasotua aski babestuta sentitu ez izana salaketa hori paratzeko. Bertze kasuetan erasoa identifikatzeko zalantzak edukitzea eta horregatik ez salatzea. Adibide gisa paratzen dugu Elizondoko bestetan Elizondoko Elizan dantzatzen den Mutildantza baztertzailea. Hori ere emakumeen aurka ematen den eraso sexista baita, kolektiboa gainera. Berez, salaketa eza erasoen falta baina gehiago, konzientziazio faltagatik dela uste dugu».

Horregatik, Baztango Bilgune Feministatik, aurtengo udara begira formakuntza saioak antolatuko dituzte. Alde batetik, emakumeentzat autodefentsa feminista tailerrak, «emakumeok gure burua ahaldunduz indarkeria matxistari aurre egiteko prestatzeko». Bertze aldetik, protokoloaren aplikazioari begira interesa duen guztientzat, erasoak identifikatzen laguntzeko eta protokoloaren eraginkortasuna hobetzeko tailerrak ere eginen dituzte.

Formakuntza tailer hauen garrantzia azpimarratu eta bertan parte hartzera animatu nahi dute Bilgune Feministatik, «guztion ardura baita indarkeria matxistarekin bukatzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun