Baztango Udalak Mikel Zabaltzari buruzko 'Objektu galduak' dokumentala lagunduko du

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 9a, 07:33

EH Bilduk eta Ezkerrak 750 euroko laguntza ematearen alde bozkatu zuten, Geroa Bai, Auzolanean eta UPNk kontra eta alkatearen kalitatezko botoak erabaki zuen

Abenduaren 23an egin zen osoko bilkuran Mikel Zabaltza orbaiztarraren desagerpen eta hilketa oroitzen duen Objektu galduak dokumentala diruz laguntzeko erabakia hartu zen. Orain hogeita hamaika urte Guardia Zibilak Mikel Zabaltza atxilotu eta hogei egunez desagertuta egon ondotik Bidasoa ugaldean hilotz agertu zen. Lehendabiziko momentutik Intxaurrondoko kuartelean torturapean hil zutela salatu zen. 

 

Ordukoak oroitzeko Ahotsak-ek Objektu galduak izeneko dokumentala eginen du eta, horretarako, diru-laguntza kanpaina hasi dute. Hala, Baztango Udalak EH Bildu eta Ezkerraren aldeko 6 bozkekin, eta Geroa Bai, Auzolanean eta UPNren aurkako 6ekin, alkatearen kalitatezko botoa baliatuz dokumentala egin ahal izateko 750 euroko dirulaguntza ematea onartu zuen.  

Bertzalde, dokumentalaren izenburuari buruz, aipagarria da Objektu galduak nondik heldu den: Mikel Zabaltzaren ama semearen desagerpenari buruz Intxaurrondoko kuartelerat galdezka joan zelarik, han zen Guardia Zibilak, semea desagerturik bazuen objetu galduen bulegorat joateko erantzun zion.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun