Baztan eta Larraun bailarako hainbat abeltzainen esnea jasotzeari uko eginen dio Danonek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko abe. 20a, 07:22

EHNE sindikatuak salatu duenez, «esne kuoten ekoizpen eredua bertan behera geratu zenetik, nahi moduan maneiatzen dituzte industriek abeltzainak»

Larraun eta Baztan inguruko zazpi abeltzainek bizi duten egoera larria salatu du EHNE sindikatuak. Esnea ekoizten duten baserritar hauek, esnea bilduko dien enpresarik gabe geratuko dira. Hiru hamarkadaz hutsik egin gabe Danone enpresari esnea entregatzen jardun ondotik, enpresa honek apiriletik aurrera beraien esnea ez duela bilduko adierazi die. 

Modu honetara, EHNEk salatu duenez, «marka honek atsekabeak ugaritu ditu (eta ez irribarreak, marka honen azken iragarkietan ikusi daitekeen moduan) esnea ekoiztea ogibide duten familia hauetan».

Duela hilabete batzuk jakin zuten abeltzainek Danonek ez diela esnea berriz bilduko. Guztira, 14.000 litro esne (bi egunetik behin) ekoizten dituzten zazpi abeltzain dira egoera honetan daudenak. Egun batetik bertzera, Danonek abeltzain hauen esnea ez biltzeko erabakia hartu du, ustiategi ertain eta txikien lana albo batera utzi eta ustiategi handiak ekoizten duten esnea biltzera jotzeko, azken hauei gainera esne litro gehiago ekoizteko eskaera egin die. Berriro ere, 2015eko apirilean esne kuoten sistema bertan behera geratu zenetik, abeltzainek bizi duten ahulezia nabarmen geratu dela uste du EHNEk. Azken erabaki honen ondorioz, kaltetutako zazpi baserrietatik hiruk esnea ekoizteari utzi diote.

Hala, azken urteotan esne ekoizpenera zuzendutako 100 baserri baino gehiago galdu dira Nafarroan: 2005ean 269 baserri zeuden, 2016an 160 geratzen dira (Nafarroako nekazaritza ustiategien erroldako datuak).

Industria honek apirilean utziko dio baserritar hauen esnea biltzeari, baina EHNE hasia da jada lanean baserritar hauei irtenbide bat bilatzeko. Egoera honen aurrean, eta baserri txiki zein ertainek beraien lanarekin aurrera jarraitzeko aukera izan dezaten, gainontzeko esne industriei bertan ekoizten den esnearen aldeko apustua egin dezatela eskatu dio EHNEk, modu honetara, beraien publizitate kanpainetan hainbestetan erabiltzen duten bertako esnearen alde eginez.

EHNEk esne ekoizleen artean elkartasuna eta laguntzarako deia egin du: «Zenbait abeltzainek bizi duten egoera larriaren aurrean beharrezkoa da taldeetan antolatuta dauden abeltzainen babesa eta laguntza, guztion artean esnea ekoizten duten abeltzainek irtenbide duina izan dezaten lortu eta sektoreak langile gehiago galtzea ekiditeko».

Gainera, EHNEk Nafarroako Gobernuari familia-enpresa txiki eta ertain hauen lanpostuek aurrera egin dezaten eta epe motzean egoera berdinean aurkitu daitezkeenak ere irtenbidea izan dezaten, erakundeak dituen tresna guztiak abeltzainen eskuetan jartzeko eskatu du. Erakundeek bertako nekazaritza politikak bultzatu behar dituzte, Europatik merkatuaren arau-gabetzea bultzatzen duten neurriek eragiten dituzten kalteak gutxitzeko. Behingoz, argi eta garbi egin behar dute nekazaritza eredu familiarraren alde, lurrari lotutako nekazaritzaren alde, eta landa ingurunetako ekonomiaren garapena bermatzen duen eredurantz.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun