Baztango Udalak etxebizitzen alokairua bulkatzeko Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko abe. 12a, 08:41
Joseba Otondo Baztango alkatea eta Miguel Laparra Nafarroako Gobernuko lehendakariordea hitzarmena sinatzen. Argazkia: Juan Mari Ondikol

NASUVINSAk kudeatzen duen Alokairu-Boltsa baztandarrek udalaren bidez erabiltzen ahalko dute. 

Miguel Laparrak Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Eskubide Sozialetako kontseilariak eta Joseba Otondok, Baztango alkateak, udala “Alokairu-Boltsa” bizitegi programaren erakunde laguntzaile izendatzeko lankidetze hitzarmena sinatu zuten abenduaren 7an. Honen bidez baztandarrek etxea izatea errazteko, hutsik diren bizitegiak etxebizitzaren merkaturat aterarazi nahi dira. 

Horretarako, bertze neurrien artean programak etxe-jabeari hilabetero ordainsaria tenorez ordainduko zaiola bermatuko dio, bizitegia egoera onean itzuliko zaiola eta arrisku anitzeko asegurua kontratatuko dela. Bertzalde errentariak, Eskubide Sozialen departamentuaren bidez alokairurako diru-laguntzak hartzen ahalko ditu. 

Zerbitzu horiek guztiak Baztango Udaletik emanen dira eta, horren berme, Nafarroako Gobernuak Nasuvinsaren bidez kudeatzen duen “Alokairu-Boltsa” programa izanen da. Baztango Udalarendako programa hau interes bizikoa da, horregatik, horren berri izan zuelarik Nafarroako Gobernuarengana jo zuen, baztandarrei zerbitzu hau eskaini ahal izateko hitzarmen baten bila.  

Hitzarmen honekin udalak Etxebizitzak alokatzeko udal Zerbitzua abiaraziko du, helburua herritarrei etxebizitza izatea erraztea da, horretarako Baztanen diren etxe hutsei nolabaiteko aterabidea bilatuz. Ildo horretatik Baztanen 860 etxe huts daudela aipagarria da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun