Aportazioak banatzerakoan Gobernuak lurralde irizpidea ere kontuan hartzea eskatuko du Baztanek

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 25a, 14:19

Azaroaren 24ko udal batzarrean, EH Bilduk eta Baztango Ezkerrak aurkeztutako mozioa ahobatez onartu zen

Nafarroako tokiko azpiegitura plan berria onartzekotan den honetan, erabakitze libreko aportazioak banatzeko irizpideei buruz Baztango udalak populazio irizpideaz gain lurralde irizpidea ere kontuan hartzea eskatuko du Baztango Udalak, azaroaren 24ko udal batzarrera EH Bilduk eta Baztango Ezkerrak aurkeztutako mozioa ahobatez onartu ondotik.

Baztango udalerria hedaduraz Nafarroako handiena da, denera 375 kilometro ditu eta barnean hamabortz herri hartzen. Bere burua unibertsitate bezala antolatzen du, osotasun gisa. Historikoki bertako jende-komunitatearen garabide eta ongizaterako azpiegura publiko desberdinak egin dira eta horren emaitza azpiegitura publiko sare trinko eta zabala da.

 Azpiegitura publikoen sarea aipatzerakoan udalerrian16 hezkuntza-eraikin publiko daudela aipatu beharra dago; 8 osasun etxe eta mediku-kontsultategi eta herritarren ur-beharrak asetzeko 27 ur-andel. Bertzalde, 18 pilotaleku, polikiroldegi bat, lehorpeko igerilekua, futbol belagaia; zahar etxea, kultur etxea… Halaber, Baztango bide-sareari buruz, udalaren ardurapeko 1.626 kilometro bide daude.

Horiek horrela, erabakitze libreko aportazioak banatzeko Nafarroako Gobernuak populazio tarteak zehaztu ditu eta Baztan 5.001-10.000 biztanle arteko tartean egonik 170.000 euroko ekarpena izanen du. «Haatik, Baztanek, dagoeneko aipatu dugunez, errealitate berezia du; horregatik, erabakitze libreko aportazioak banatzeko irizpide demografikoak lurralde ikuspegiarekin osatu beharko lirateke, bertzenaz, Baztan, eta, baztandarrak, ageriko moduan galtzaile ateratzen dira», mozioak dioenez.

Galtzaile ateratzen direla erraterakoan objektiboa den aipamenaz ari direla uste du Balleko Etxeak. «Izan ere, azpiegitura publiko sare zabal honek, ikuspegi garaikide batetik landa-eremuko herritarren guttieneko ongizatea bermatzen baitu: hezkuntza, osasuna, ura, kirola… eta horietarat joan-etorri ahal izateko auzo eta baserrietako bideak».

Hala, Nafarroako Gobernuari Baztango errealitate konplexua kontuan hartzea eskatzen diote mozioan eta, horretarako, erabakitze libreko aportazioak banatzerakoan bailararen hedadura eta azpiegitura publikoen kopurua gogoan izatea.

Halaber, Baztani buruz eskatzen dutena ezaugarri eta arazo beretsuak dituzten Nafarroako gainerako udalerriendako ere kontuan hartzea eskatzen dute. Aipatu mozioa Nafarroako Gobernuari eta Toki Administrazioko Zuzendari Nagusiari jakinaraziko zaie.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun