Etxegabetzeak saihesteko jarduera protokoloa onartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko aza. 22a, 07:35
Etxegabetzea saihesteko protokoloaren berri eman dute Joseba Otondo alkateak eta Laura Andresena gizarte langileak.

Etxegabetze egoera baten aitzinean gizarte langileek nahiz herriko alkateak segitu beharreko urratsak zehazten ditu

Etxegabetzeak saihesteko jarduera protokoloa onartu du Baztango Udalak. Jarduera protokolo honen helburu nagusia, gainzorpetzeagatik, gehiegizko zorpetzeagatik ohiko etxebizitza, norberaren bizitegi arrunta likidezi-faltagatik, galtzeko arriskuan duen pertsona edo familiari konponbidea ematea da. Hau da, mailegu edo kredituak ezin ordainduta etxea galtzeko arriskuan denari konponbidea ematea eta, horrela, gizarte-bazterketa egoerak saihestea.

 

 

Prozesu guztietan etxebizitza irtenbide bat bilatzeko ahalegina eginen da, izan finantza erakundearekin negoziatuta familia etxebizitzan gera dadin, izan etxebizitza publiko bat gizarte-alokairuaren erregimenean kudeatuta, Hala badagokio, gainera, erraztuko da diru-laguntza ekonomikoak tramitatzea eta ematea.

Jarduera protokolo hau bat-bateko egoera ekonomiko baten ondorioz ohiko etxebizitzaren etxegabetze kasuak daudelarik ezarriko da, beti ere etxebizitza hori pertsona horrek jabetzan duen higiezin, inmueble bakarra baldin bada.

Protokoloa ez da ezarriko ageriko gehiegikeria ekonomiko edo zabarkeria ekonomiko kasuetan. Kasu hauetan, pertsona hauek udaleko Gizarte Zerbitzuetara bideratuko dira.

Baztango udalak ateak zabalik dauzka ohiko etxebizitzatik kaleratuak izan diren edo etxegabetzeko arriskua duten pertsona guztientzako. Udalarendako funtsezkoa da honen eragina jasan duen pertsonarengandik informazioa jasotzea, horrela neurriak hartu ahal izanen baititu.

Prozedura osoan zehar Datuak Babesteko Legea zehatz-mehatz bete beharko da. Arau hau betetzeko,  eraginpeko pertsonaren edo familiaren baimena eskatu beharko da. Pertsonak edo familiak ez balu baimenik emanen, bertan behera geratuko da protokoloa, adinez txikiak dauden kasuetan izan ezik. Horrelakoetan, egoeraren berri emango zaie Gizarte Zerbitzuei, sail honetatik adingabeen eskubideak bermatzeko.

Epaitegiko langileek “epailearen botatze agindu” bat jasotzen duten momentuan, harremanetan jarriko da eraginpeko pertsonekin edo familiarekin, Baztango Udalak datu pertsonalak erabiltzeko ahalmena izan dezan eskatuz. Horretarako, eraginpeko pertsonek datu pertsonalak erabiltzeko baimena ematen duen agiri bat sinatu beharko dute eta, hori eginda, protokolo honetan aurreikusitako udal agente desberdinek esku-hartu ahal izango dute.

Baimentzen duen agiria sinatuz gero, honen berri emango zaio Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei.

Pertsona edo familia etxegabetuak baimena eman ezean, epaitegiko langieek horren akta egin eta espedienteari erantsiko zaio eta kasua itxiko da.

Gizarte Zerbitzuetan kasua ezagutzen denean, gizarte laguntzaile bat kasuaz arduratuko da informazioa bildu eta balorazioa egiteko. Gizarte laguntzaileak pertsona/familia ohiko etxebizitzatik kaleratua izateko egoeran dagoela ondorioztatu eta gero, jarduera protokoloa abituko du. 

Kasua alkatetzari eta gizarte zerbitzuetako zinegotziari jakinaraziko zaio.

 

Egin beharreko jarduerak etxegabetze egoera baten aurrean

 

Gizarte Langileak

1. Etxegabetze egoeran dagoenari telefono deia.

2. Elkarrizketa

3. Egoeraren diagnostikoa eta balorazioa

4. Balorazioa eta diagnostiko txostenaren arabera, pertsonak edo familiak adostasuna emanda eta indarrean dagoen araudiari jarraikiz, legozkien prestazio ekonomikoak eskatzea.

5. Beharrezkoa dela ikusten bada, osasunbideako zerbitzuetara bideratzea, estres egoeran daudenek arreta psikologikoa izan dezaten..

 

Alkateak

1. Eraginpeko pertsona edo familiari harrera egitea.

2. Pertsonak edo familiak adostasuna emanda, finantza-erakundearekin bitartekaritza lana egitea, konponbide ahalik eta zuzenena lortzen ahalegintzeko. Alokatutako kasuetan, bitartekari bezala eskaintzea.

3. Etxegabetze egoerak errefusatzeko ekintzak aurrera eraman: talde politikoei deialdia egitea eta finantza-erakundearen jarreraren inguruan iritzia ematea, kaleratze egunean kontzentrazio batera deitzea eta finantza-erakundeekin dauden ekonomia erakunde eta lankidetza-harremanak berrikusteari buruzko proposamena Osoko bilkurara eramatea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun