erran.eus

Etxeko hondakinen kudeaketa ereduan urrats berri bat emanen du Baztango Udalak Aniz eta Berroetan

  Gertaerak  Baztan

Urrian egin ziren bilkurak Aniz eta Berroetarrei egin nahi denaren berri emateko eta urte akabailarako hobekuntza nabaria izatea espero da kanpaina berriarekin

Birziklapen emaitzak urtetik urtera hobetzea lortzen ari bagara ere, oraindik bide luzea dugu egiteko hondakinen kudeaketari dagokionean. Honelaxe uste dute Baztango Balleko Etxean. Orai, Nafarroako Hondakinen Plana onartzeko atarian dagoenean, eta klima aldaketaren eta ekonomia zirkularraren gaia pil-pilean dagoen honetan, «ezinbertzekoa dugu sortzen dugun hondakin kantitateari erreparatu eta hauen aitzinean zer egin behar dugunaren inguruko hausnarketa egitea plan eta politika hauetan planteatzen diren helburuak bete edo hauetara hurbildu nahi badugu bederen».

Etxeko hondakinen kudeaketa ereduan urrats berri bat emanen du Baztango Udalak Aniz eta Berroetan
Edukiontzi berdeari aho ttikia jarriko diote Aniz eta Berroetan, froga modura. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gure indarrak gai organikoan jartzea beharrezkoa dela gaur egun uste du Baztango Udalak. «Ia %80ean ura den frakzio hau Nafarroako bertze puntaraino garraiatzen aritzeak ez du zentzurik eta garesti ateratzen zaiku gainera! Gai organikoa, hemen, Baztanen, tratatzen ahal dugu. Frakzio honek lurrari berea dena itzultzeko aukera ematen digu eta horretarako informazioa eta jendearen inplikazioa bertzerik ez dugu behar».

Hau lortzeko bidean bada, eman da Udaletik pausu berria, hondakinen bereizketa gaizki egiten duten edo egiten ez duten herritarrei trabak paratu eta ongi egiten dutenak saritzea da intentzioa. Berroeta eta Anizko herritarrekin eginen dute lehen froga. Beraien birziklapen maila neurtu dute, zer egin nahi den kontatu diete, beren inplikazioa eskatu diete eta denei informazioa eman ondoren errefusarendako duten edukiontzi berdearen tapa aldatuko dute, tapa edo aho ttikia jarriko diote, legez kontra, zabor guztia nahasia botatzen duenari trabak paratzeko eta neurri batean, hala, gaizki egitea saihesteko. Parte hartzen eta ongi egiten duenak aldiz, bere saria izanen du.

Aniz eta Berroetan sortzen den gai organiko guztia herrian tratatzea lortu nahi dute, beraiek konpostatuko dute beren gai organikoa eta errefusa edo gainerako ez birziklagarria ahalik eta gehien murrizten saiatuko dira. Baztango Udalaren oharrak dioenez, «ikusi behar ea lortzen dugun! Hori bai, lortuz gero, posible dela erakusten badigute, haiek izanen dira Baztanen eredu eta gainerakoek ere esfortzua egin beharko dugu denen artean Baztan garbiago eta jasangarriagoa lortu ahal izateko!».

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa