Baztan Berriko trafikoa haurren segurtasunerako berrantolatu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 10a, 07:27
Baztan Berri auzoko trafikoa berrantolatu egin dute, haurren segurtasuna kontuan hartuz.

Elizondoko auzoko bulebarretik autoak ez dira pasatzen ahalko eta inguru guztian gehienezko abiadura orduko 20 kilometrokoa izanen da

Elizondoko Baztan Berri auzoko trafiko antolaketa berria abian da. Antolaketa berriarekin haurren segurtasuna bermatuko da eta, horretarako, auzoko bulebarretik autoak ez dira pasatzen ahalko.

 

 

Auzotarren eskariari kasu eginez aurtengo udan Baztango Udalak, Elizondoko Herriak eta barrideek bi batzarre egin dituzte. Batzarre horien emaitza trafiko antolaketa berria izan da eta neurri nagusia aipatu autoen pasabidea debekatzea. Horrek, aldi berean, auzo barneko errepidea norabide bakarrean paratzea eta autoak aparkatzeko tokiak berrantolatzea ekarri du. Modu horretan udaleko enplegu sozialeko langileak seinale berriak paratzen eta arauketa berriaren arabera lurreko margoketak egiten aritu dira. Halaber, inguru guztia  20 km/h-ra mugatu da. Aste honetan bulebarreko autoen pasabidea galerazteko lorontziak paratu dira.

Baztan Berri auzoa Elizondoko berrienetakoa da eta bertan bikote gazte eta haur aunitz daude. Trafiko antolaketa berria egin artio autoak haurren jolastokirat ematen duen bulebarretik pasatu zitezkeen eta horrek arrisku egoerak sortzen zituen. Oraingo aldaketak segurtasun handiagoa ekarriko du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun