Polonia, Euskal Herria eta Kurdistango musikak ekarriko ditu aurten ere Folk Ametsetan Zikloak Baztanera

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 4a, 07:20
Janusz Prusinowski Kompania taldeak irekiko du Folk Ametsetan Zikloa Elizondon.

Azaroaren 6an Janusz Prusinowski Kompania ariko da Arizkunenean, azaroaren 13an Gozategi eta 20an Gani Mirzo

Hogeita zazpi urteren ondoren, Baztan, Castejon, Irurtzun, Lekunberri eta San Adriango udalek Folk Ametsetan zikloa kudeatzen jarraitzen dute. Aurten, azaroko lehendabiziko hiru asteburuetan izanen da herri horietako hainbat kultur-espaziotan.

 

Nafarroako Gobernuak arte eta kultur jarduerak batera antolatzeko toki-entitateak laguntzen ditu eta horren baitan dago honakoa. 1990ean sortu zen aipatu diru-laguntza deialdia eta ordutik, urtero-urtero, udalak folk musika herritarrei hurbiltzen eta  ikuspegi desberdinetatik erakusten saiatzen dira.

Urte aunitz iragan badira ere, eta luzatzen ari den krisialdiak jaialdian eragin nabaria izanik ere, Folk Ametsetan zikloak denboran zehar jarraitzen du eta Nafarroako musika panoraman sendotu da.

Antolatzaileek kalitateko taldeak ekartzeko apustu egin dute, formatu ertain-txikikoak, herrietako agertokien ezaugarrietarako egokiak. Hogeita zazpi urteotan, ehun talde baino gehiago izan dira jadanik, munduko hainbat herrialdetik etorriak eta folk musikaren baitan hamaika soinu eta aurpegi ekarri dituztenak.

Baztanen lehen kontzertua Poloniako Januzs Prusinowski Kompania taldeak emanen du, azaroaren 6an. Azaroaren 13an, berriz, Gozategi taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du  eta    azaroaren 20an zikloa amaituko da, Gani Mirzo Siriako Kurdistango musikariaren eskutik.

Kontzertu guztiak Arizkunenean eginen dira, 19:00etan eta sarrera doan izanen da lekuak bete arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun