Produkzio eredu berriak ezagutu ditu baztandar talde batek Josenearat egindako bisitaldian

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 14a, 09:12
Baztango bisitariak Irunberriko Josenean, bertan lanean ari den Iker Bidarte lesakarraren azalpenak aditzen.

Hazitik Hozie elkartearen eskutik, sendabelarrak eta infusio-belarrak egin eta merkaturatzen dituen Irunberriko enpresara joan ziren

Hazitik Hozie elkartearen eskutik ortzegunean baztandar talde batek  Irunberriko Josenea enpresa ezagutzeko ibilaldia egin zuen. Josenean sendabelarrak eta infusio-belarrak egin eta merkaturatzen dituzte. 

 

Ekoizpen guztia ekologikoa izateaz gain, enpresak izaera soziala du eta irabazi asmorik gabekoa da. Modu horretan ikasketarik gabeko gazteei formazioa ematen die eta jubilazioaren atarian lanik gabe gelditu direnei kotizatu ahal izateko lana ere bai. Enpresak dituen 13 hektareatan orotariko belarrak hazten dituzte: mendak, kalendulak, tomilloak... Belarrak bildu ondotik berezi eta idortzen dituzte eta ondotik infusio-aromatikoetarako, gaitzen infusiotarako, sukalderako edo kosmetikarako merkaturatzen. Bertzalde haztegiko bisitarien gela, belar-idortegia eta negutegiaren energia eguzki plakekin, haize-errota ttipiekin edo pellet galdarekin hornitzen dute; horrela, energia iraunkorraren aldeko pausua eman eta energetikoki burujabeak dira. Belar-idortegiari buruz irizpide bioklimatikoak kontuan hartuz egin dute eta belarren ekoizpen guztia ekologikoa izateaz gain biodinamikaren ezagutzak erabiltzen dituzte. Gaur egun Joseneako produktuak estatuan, Europan eta Amerikako Estatu Batuetan merkaturatzen dituzte.

Hazitik Hozie elkartearendako tokiko baliabideak arrazoibidez erabiltzen duten proiektu sozioekonomikoak aski garrantzitsuak dira eta Baztanen ekonomia herritar, kooperatibo eta iraunkorra bulkatu eta enpleguak sortzeko bidea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun