50. urteurreneko ospakizun berezia egin dute Elizondoko Lanbide Eskolan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 14a, 08:45
Elizondoko Lanbide Eskolako lehen promozioko ikasle, irakasle eta langileak ikastetxearen atarian. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Urriaren 13an bete du mende erdia eta lehenengo promozioko ikasle, irakasle eta langileak bildu dituzte eskultura berriaren inguruan

Elizondoko Lanbide Eskolak 50 urte bete ditu urriaren 13an. Ikasturte honetan zehar hainbat ekitaldi ezberdin egiteko asmoa daukate, baina ortzegunean ikastetxea sortu zela mende erdia zehazki bete zenez, ospakizun berezia egin zuten. 50 urte hauetan 1.500 ikasle izan ditu ikastetxeak.

 

Ikasle ohien arteko pilota partiden ondotik nagusia egin zuten. Baztango Dantzariek Aurreskua dantzatu zieten agintariei, irakasleei eta ikastetxeari eta, ondotik, Metalezko Elementuen Fabrikazioa espezialitateko OLH 2. mailako ikasleek Mikel Iriarte irakaslearen erranetara egindako Lanbide erronka eskultura inauguratu zuten. Erdi Maila mekanizatuko 2. mailako ikasleek ere bertso bat egin eta kantatu zuten bertaratutako guztien aitzinean.

1966ko urriaren 13an ireki zen ikastetxea eta lehen promozio hartako irakasleak, Azkoiengo Fermin Basarte eta Ultzamako Manolo Latasa Elizondora hurbildu ziren, baita orduko ikasleak eta langileak ere. Ikastetxearekin lotura handia izan duen Fernando Gonzalez, erraterako, atezain bezala hasi eta irakasle ere izan baitzen, Julian Mitxelena Arantzako apezaren erranetara. Gaztelu Abesbatzaren kantaldia ere hunkigarria izan zen eta Lau haizetara kantatuz akitu zen.

50 urte hauetan 1.500 ikasle inguru pasatu dira Elizondoko Lanbide Eskolatik. Gaur egun, ikaslegoaren %54a Malerrekakoa da, %35 Baztangoa, %5 Bortzirietakoa eta badira Ultzama eta Iruñetik ere etortzen direnak. Maite Ariztegi zuzendariaren eta irakasleen eranetan, «eskualde osorako Lanbide Heziketa institutu berria lortzea da gure erronkarik handiena gaur egun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun