Arraioz eta Oiz nagusitu dira gazte eta gaztetxoen laxoa txapelketetan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko ira. 26a, 11:50
Gazte eta gaztetxoen mailako finalistak, Arraiozko alkate eta alkate ordearekin, sari banaketaren ondotik.

Irailaren 25ean Arraiozko plazan jokatutako finaletan Oiz eta Doneztebe Ari nagusitu zitzaizkien

Laxoa elkarteak antolatutako gazte eta gaztetxoen laxoa txapelketen finalak irailaren 25ean jokatu zituzten Arraiozko plazan. Gazte mailan Arraioz nagusitu zitzaion Oiz-i ziren eta gaztetxoen mailan Oiz Doneztebe Ari. 

 

Gazte mailan, bortz talde aritu dira ligaxkan eta bi onenak, Oiz (Ioritz Zelaieta, Aimar Saldias, Zorion Zelaieta eta Jon Oiartzabal) eta Arraioz (Eki Etxandi, Josu Etxandi, Mikel Organbide eta Urki Etxandi) izan ziren finalean.

Plazan bildu ziren ikusle guztiak ados zeuden: arras partida ona izan zela, goi mailako partida, ikaragarria, ordubete eta 45 minutu luzatu zena, ongi jokatua eta gainera ez zen emoziorik falta. Txapelketako partidarik hoberena, dudarik gabe. Oiztarrek azken bi urtetako txapelketak irabaziak zituzten eta arraioztarrek laugarren finala zuten eta azkenean txapelak irabazi.

Gaztetxoen mailan, igande goizean jokatu zen lehen finalean, Oiz (Xuban Ilarregi, Mikel Mikelarena, Oscar Ilarregi eta Aimar Ariztegi) nagusitu zitzaion faborito zen Doneztebe Ari (David Mitxeo, Eneko Maylin, Ander Ruiz eta Erik Garcia).

Partida hasi baino lehen doneztebarrak ziren faboritoak, baina oiztarrek merezimendu osoz irabazi zuten; partidaren bigarren zatian hobe aritu ziren eta fisikoki beren nagusitasuna erakutsi zuten. 

Sotero Etxandi Arraiozko alkatea eta Joselu Retegi alkate ordea izan ziren gaztetxoen eta gazteen txapelak eta trofeoak banatzen.  

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun