Zaharretxeko sukaldeko lanak 16.776 euroan eman ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 21a, 10:07

Arraiozko Putxiria eraikuntza enpresak hilabete eta erdiko epea izanen du lanak akitzeko

Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zaharretxeko sukaldearen teilatua konpontzeko lanak Arraiozko Putxiria eraikuntza enpresari  16.776 euroan eman dizkio Baztango udalak. Exekuzioaren hasierako aurrekontua 17.659koa zen, hortaz, aurkeztutako eskaintza ekonomikoen artean hoberena Putxiriarena izanik, udalak lana berari eman dio. 

Euria egitarakoan zaharretxeko sukaldeko teilatutik euria iragazten zen eta barneko aldean hezetasunak sortzen. Horregatik sukaldeko sabai edo tetxoa zartatzen eta porroskatzen ari zen. Modu horretan egin beharreko lana terraza moduko teilatua aldatzea izanen da.  Horretarako lehendabizi geruza iragazgaitza paratuko da eta ondotik gainetik ibiltzeko zola emanen. Sukaldearen barneko sabaiko zartadurak ere luzitu beharko dira. Lanak esleipena egin eta hilabete eta erdiz egin beharko dira.

 

Inbertsio plana

Bertzalde, Baztango udalak zaharretxeko inbertsio plana egiteko lanak hasi ditu. Txosten horrekin zaharretxean egin beharreko lan guztien memoria bilduko litzateke: etxe barneko berritze eta egokitzapenak, kanpoko aldeko moldaketak, irisgarritasuna, teilatua… Txostenak lanak planifikatzeko eta  dirulaguntzak eskatzeko balioko du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun