Mendietako lanak hasi ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 19a, 07:47

Bideak ireki eta konpontzeko lanak Excavaciones Javier Alzugarai enpresak eginen ditu 56.6176 eurorengatik eta mendi garbiketa lanak Lanalekomek, 43.334 euroren truke

Baztango udalak 2016ko aurrekontuetan aurrikusitako mendi-lanak abiatu berri ditu. Excavaciones Javier Alzugarai enpresak 56.617 eurorengatik (BEZ kanpo) mendiko hainbat bide ireki eta konponduko ditu eta Lanalekomek 43.334 eurorengatik (BEZ kanpo) mendi garbiketa lanak eginen.

Mendietako bideei buruz Beartzunen Gamioko bordaren gaineko aldetik, kamioien pasa saihesteko 500 metroko bidea irekiko da. Aritzakunen Zotaleta inguruan pinoak eta izeiak ateratzeko bidea 1,5 km.ko bidea; Almandozen, mendi ustiaketarako 800 metroko pista eta Elbeten, Berro Maldako bidea suetarako sarbidea izateko errepasatuko. Gainera Aritzakunen, Sumutsuko bordaren ondoan eta Gartzainen, Urballo alderat dagoen Gilleneko bordaren inguruan, euriak hondatutako bideetan harri-lubeta edo eskollerak eginen dira.

Lan hauetarako hiru eskaintza aurkeztu ziren eta eskaintza hoberena Excavaciones Javier Alzugarai enpresak egin zuen,  56.617euro (BEZ gabe).

 

Mendiko garbiketa lanak

Bertzalde, mendiko garbiketa lanei buruz urtero bezala alanbrea biltzeko lanak eginen dira: Otsondo alderdian, Gaineko-Olan, 3 km; Lekarozko Zarbostan erretako inguruan 3,8 km ; Aritzakungo Egurtegin 4. km; Arraiozko Larratzun  kilometro bat eta Otsondozelain 2,3 km.

Modu berean, mendiko landaketetan garbiketa lanak eginen dira: Elbeteko Ameztin, Erratzuko Irrion, Azpilkuetako Bagalden eta Otsondo inguruko Mokorron.

Bertzalde, Belate eta Erdizeko bazkaleku komunalak hobetzeko sasi mozketa edo desbrozeak eginen dira. Belaten 5 hektarea eta Erdizen 10. Arizkungo Otxaskon ere, ondotik erreketa kontrolatuak egin ahal izateko, han dagoen landaketan inguruz inguru hektarea bat sasi moztuko da.

Gainerakoan, Iruritako Errekako Almando alderdian heldu diren landare berriak babesteko kilometro bateko iskindegia eginen da.

Lan horiek Lanalekomek eginen ditu, hiru eskaintzaren artean berea hoberena izan baitzen 43.334 (BEZ gabe).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun