Baztango Udalak Aroztegiako UGSaren aurka abiatutako epaiketan parte hartuko du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko abu. 26a, 11:40

Erabaki honekin Batzar Nagusien aurka egitea egotzi dio EH Bilduk Geroa Bairi

Baztango Udalak, maiatzaren 30ean egin zuen osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen Aroztegiako UGSaren inguruko epaiketan ez zuela parte hartuko. Abuztuaren 25eko bilkuran, ordea, premiazko mozioa aurkeztu zuen Geroa Baik botua aldatu ahal izateko. Geroa Bai, UPN eta Baztan Auzolanean alderdietako 7 zinegotzien aldeko botuekin eta EH Bildu eta Baztango Ezkerrakoen kontrako botoekin, aurrera egin du mozioak. Hala, botua berriro eman eta Baztango Batzar Nagusiak Aroztegiako UGSaren aurka abiatutako epaiketan parte hartzea erabaki du Baztango Udalak.

Erabaki honen aurrean Baztango EH Bilduk salatu du Geroa Baik Baztango Udala,  Baztango Batzar Nagusien kontra judizialki jokatzera behartu duela. Alkatetza duen EH Bilduk eta Baztango Ezkerrak Udalak epaiketan parte hartzearen aurka bozkatu dutela ere gogorarazi  dute eta bere garaian Baztango Batzar Nagusiak Nafarroako Gobernuak Aroztegiari buruz onartutako UGSari helegitea aurkeztu ziola gaineratu «bertzeren artean, udalaren hirigintza eskumenak eta autonomia defendatzeko, Aroztegiko herri-lurren desjabetza gelditzeko eta Lekarozko Herriak proiektuaren kontra duen iritzia betearazteko».
Abuztuaren 25ean hartutako erabakiarekin diote «Geroa Baik udalaren autonomia urraketa eta eskumen gabetzea babesten du, lekaroztarren eta baztandarren erranari kasurik ez die egiten eta herri lurren lapurketari bidea» ematen diola.  EH BIlduren ustez, «bereziki larria da udal hautetsiak izanik interes partikular batzuei fabore egiteko udal autonomiaren eta konpetentzien kontra egitea. Baztanen etorkizuna guztiz baldintzatzen duen proiektu honen aitzinean, udaleko hautetsiek ez badituzte Baztango erakundeen konpetentziak defendatzen zertarako daude udalean?»
Aldi berean, oroitarazi nahi dute «aldaketaren indarren artean Geroa Bai dela proiektua defendatzen duen bakarra. Hala, aldaketaren gobernuaren lehen urtearen balantzea egiten ari den honetan, Aroztegia demokratikoki eta herritarrei entzunez konpontzea funtsezkoa da. Modu horretan bakarrik lortuko da inposaketan eta pelotazo urbanistikoan oinarritu den politika zaharraren aitzinean sinisgarritasuna izatea. Gobernuak ongi aski daki afera konpontzeko legalak diren bertze bideak badirela, gorderik dituen txostenak dioten bezala». Honen guztiaren aurrean, Baztango EH Bilduk «bertze behin Aroztegiko  PSISa gelditzeko eta herritarren iritzia errespetatzeko eskatzen du».

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun