Hiltegiko puskatze gela akitzeko lanak esleitu ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 10a, 08:15

Egallene eraikuntzak enpresak eginen ditu 16.200 euroan eta azaroaren 30erako akitu beharko ditu

Baztango udalak Loizu udal hiltegiko puskatze gela akitzeko lanak Egallene eraikuntzaki eman dizkio. Lan hauek 16.200 euroan (BEZ barne) esleitu edo adjudikatu dira eta lanak azaroaren 30erako egin beharko dira. Urte berriarekin puskatze gela abiarazi nahi luke udalak.

Aitzineko legealdian oinarrizko azpiegitura egin ondotik, orain, Nafarroako Gobernuko osasun publikoko departamentuko albaitarien azkeneko eskakizunak betetzeko hainbat lan  eginen dira: puskatze gelaren barneko konketa edo lababoa, komunaren berregitea eta ur zikinen bideratzea, aratxeak puskatzeko egituraren egokitzapena, ate isolatzailea paratzea eta tripakiak garbitzeko gela egitea.

Lan hauek emateko udalak Baztango bortz eraikuntza enpresari eskaintzak egiteko gonbidapena egin zien eta horietan denetan, eskaintza hoberena lanak hartuko dituen Egallene eraikuntzak enpresak egin du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun