Baztango Udalak trafiko aldaketak iragarri ditu Jaime Urrutia karrikan

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 21a, 08:14

Asteburuetan karrika tarte bat trafikoari itxi eta oinezkoentzat bakarrik izanen da 

Joan den uztailaren 4an auzotarrekin deitutako bilkura egin ondotik, Elizondoko herriak, Baztango udalaren babesarekin, asteburuetan Jaime Urrutia karrikako tarte bat trafikoari itxi eta oinezkoentzat bakarrik uztea erabaki du.

Oinezkoentzako tarte hori Karrika ostatuaren paretik Zuga plazarainokoa izanen da eta uztailaren 23 eta 24ko asteburutik hasita irailaren 23-25eko astebururaino irekiko da larunbatetan 13:30etik hasi eta igandetako gauerdira artio.

Aipatu epealdia frogarako izanen da eta, horren ondotik, udako esperientziaren balorazioa eginen da, horrela segitzeak merezi ote duen erabakiz. Auzotarrek bertatik autotan pasatzeko eskubidea ozanen dute. Horretarako Karrika ostatuaren parean egonen den hesia pasatzeko mugitu eta, ondotik, dagokion bezala utzi beharko du.

Modu berean, ibilgailuen zirkulazioa errazteko Burges karrikaren norabidea aldatuko da. Hemendik aitzinerat Jaime Urrutiatik Saniagorako norabidekoa izanen da eta ez alderantziz.

Edozein zalantza edo argipenetarako Elizondoko herriko agintariengana edo Baztango Udalerat zuzendu behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun