Baztango eskoletako jangelen azterketa aurkeztu dute Arizkunenean

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 23a, 12:13
Irailetik aitzinera, eskoletako jangelek mugitzen duten ekonomiaren zati gehiena Baztanen gelditzea litzateke.

Egunero 392 otordu ematen dituzte eta denera ikasturtean 220.000 euro inguru mugitzen dira

Ekainaren 22ko arratsalde bereziki bero eta sapan Elizondoko Arizkuneneako sabaian  Baztango eskoletako jantokiei buruz aritu ziren. Hitzorduak Eskoletako jangeletan zer jan halako Baztan izenburua zuen eta antolatzailea Baztango udala zen.

 

 

Joseba Otondo alkateak ongietorria eman eta elikadurak politika publikoetan eta tokiko ekonomian eduki beharrezko garrantzia azpimarratu zuen. Ondotik, Laura Andresena gizarte zerbitzuetako teknikariak Baztango eskoletako jantokiei buruz egindako azterketa aurkeztu zuen. Jantokia duten eskolak Amaiur, Arizkun, Erratzu, Elizondoko eskola, Baztan ikastola, Haur eskola eta Irurita dira. Eskolaz eskola datu xeheak eman zituen eta bilketaren emaitza gisa Baztanen eskoletako jantokietan egunero 392 oturdu ematen direla erran zuen, banaz bertze 4,47 euroan eta denera ikasturtean 220.000 euro inguru mugitzen direla. Halaber, kontratu mota desberdinekin, lan-aldi erdikoak eta ordukakoak denera 23 sukaldari eta zaintzaile daude. Eskoletako batzuk zerbitzua catering bidez ematen dute.

Nora Salbotx Amaiurko eskolako zuzendariak beren esperientziaren berri eman zuen. Hogei eta hamabortz urte dira eskolan sukaldea eta jantokia dutena. Bertan sukaldatzen dute eta erosketak Baztanen egiten dituzte, horretarako hornitzaileen eta bertako ekoizleen zerrenda erabiltzen dute. Jantokia hezkuntza proiektuaren barnean txertaturik dute, horregatik, jantokiaz baino jangelaz mintzo dira. Akitzeko Miren Meoki udaleko hondakin teknikariak Bizkaiko Larrabetzuko esperientziaren berri eman zuen. Larrabetzun jangela guraso elkartearen esku dago eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako catering sisteman sartu nahi izan ez zutenez, ez dute laguntzik izaten. Eskolako jangela osasun, hezkuntza eta tokiko ekonomia ikuspegitik lantzen dute eta horren emaitza bezala, jangela gastuaren %65 herrian gelditzen da.

Aurkezpenen ondotik harat hurbildutakoen artean Baztango eskoletako jantokiak jangela bihurtu eta tokiko ekonomia indartzeko eztabaida interesgarria egin zen. Iraila etortzekin ekimenari segida emanen diote. Helburua, bertzeren artean, eskoletako jangelek mugitzen duten ekonomiaren zati gehiena Baztanen gelditzea litzateke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun