Baztango euskara plana baliogabe utzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 26a, 07:58

UPNren Foru Gobernuak helegitea aurkeztu zuen planaren aurka, eta epaileek onartu egin dute

Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabe utzi du Baztango Udalak 2014ko abuztuan onartutako euskara plana, UPNren Foru Gobernuak garai hartan aurkeztutako helegitea onartu baitu.

Planak euskara lehenestea zuen helburu, eta, bertzeak bertze, honako neurriak aurreikusten zituen: Udalaren webgunean sartzean euskarako bertsioa agertzea lehenik, eta udal langileek herritarrekin hitz egitean lehen hitza euskal hizkuntzan egitea.

Hori horrela, auzitegiak ebatzi du plana ordenamendu juridikoaren aurkakoa dela, eta urratu egiten duela foru araua. «Planean behin eta berriro esaten da herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuko direla, baina euskara baino ez erabiltzea da benetako helburua», adierazi du epaileak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun