Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Txirrinka martxak Aroztegiaren kontrako aldarria Nafarroako Gobernuaren aterat eraman du

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 23a, 11:39
Aroztegia eta gero zer? Plataformakoek eraman zuten Txirrinkako lekukoa.

Asteburu oroan Euskal Herri guztian ibili da

Larunbatean Iruñetik lurraren defentsan eta eredu sozialaren aldaketaren alde abiatu zen Txirrinka bizikleta martxaren lekuko nagusia Aroztegia eta gero zer? taldeak eraman zuen.

 

 

Modu horretan, Karlos III. Hiribidean, Gobernuko egoitzaren aitzinean ehunka jenderen babesean baztandarrek lekukoa kilometro batez eraman zuten Aroztegia gelditu!, Herri-lurrak defenda ditzagun, edo Geroa Bai kapitalaren morroi oihuen artean. Baztandarrei lekukoa Sasoia jubilatu eta pentsiodunen elkartekoek pasatu zieten. Modu berean, Aroztegia eta gero zer? taldekoek Iruñerriko gazte mugimenduari eta gaztetxearei utzi zioten.

Txirrinka bizikleta martxa asteburua osoan Euskal Herri guztian ibili da. Hala, lau zutabe desberdinetan Euskal Herrian ematen ari diren borroka sozialak eta proiektu suntsitzaileen kontrako borrokak Lurra zaindu, eredu soziala aldatu aldarriarekin elkartu nahi izan dituzte. Horrela, bezperan Hendaia, Gasteiz, Bilbo eta Iruñetik abiaturiko bizikleta zutabeak igandean Urretxun elkartu eta Bergarako Angiozarreko AHTren obretarat joan ziren, AHT gelditzeko eta eredu soziala aldatzeko aldarrikatuz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun