Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Baztango batzar nagusiak Aroztegiko proiektuari buruzko herri galdeketa egitea onartu du

Xorroxin irratia 2016ko mai. 21a, 07:51
Herri galdeketaren alde agertu zen ortziraleko Batzar Orokorra. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Herri galdeketa ez erreferendarioa izanen da ekainaren 5ekoa. Ortziraleko ez ohiko batzarrean saioan, proposamenak 23 aldeko bozka izan zituen eta abstentzio bat. Geroa Baik eta UPNk bozkatzeari uko egin zioten.

Baztango 733 bizilagunek –hauteskunde-erroldaren %10a baino gehiago– Aroztegiari buruzko gatazkaren inguruko herri galdeketa egiteko aurkezturiko eskaeraren aitzinean, atzo arratsaldean burututako saioan, Baztango Batzar Nagusiak afera modu demokratikoan bideratzeko bitartekoak jartzea erabaki zuen, betiere gaiari arrazoizko aterabidea bilatze aldera. Horretarako, eta kalteturiko biztanlegoa entzuteari Nafarroako Gobernuak adierazitako itxikeriaren aitzinean, Batzar Nagusiak proiektu polemiko honen inguruan baztandarrek duten iritzia jasotzeko parte-hartze ariketa abiatzea erabaki du.

Zentzu honetan, herri galdeketa ez erreferendarioa egitea onartu zuen maiatzaren 20ko ez ohiko batzarrean 23 aldeko bozka, abstentzio bat eta Geroa Bai (2) eta UPNren(4) bozkatzeari uko egitearekin. Atzoko  Batzarrean onarturiko eta laster udal webgunean argitaratuko den protokoloaren arabera, Baztango bizilagunek honako galdera honi erantzun ahal izanen diote: “Ados zaude Lekarozko Aroztegia eremuan 228 etxebizitza, hotela eta golf zelaia biltzen dituen egitasmo urbanistikoarekin, BAI ala EZ?”

 Egun batzuen buruan Batzar Nagusiak onarturiko protokoloaren xehetasun teknikoak ezagutaraziko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun