Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Protesta artean bisitatu du Aierdi presidenteordeak Aroztegia

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 10a, 16:11
Komunikabideek ez ezik, proiektuaren kontra dauden zenbait baztandarrek ere aditu dituzte Aierdiren adierazpenak. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Nafarroako Gobernuaren babesa eman dio proiektuari eta EH Bilduren ustez, «bere alderdiaren babesa gobernua sustengatzen dugun lau indarron jarrerarekin nahasi du»

 

Manu Aierdi, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako presidenteordeak Lekarozko Aroztegia ingurua bisitatu du maiatzaren 10ean sustatzaileekin batera eta Nafarroako Gobernuaren babesa eman dio proiektuari. Bien bitartean, Aroztegia eta gero zer? Plataformako kideek herri galdeketa eskatuz eta Barkosen gobernuaren jarrera salatuz oihu egin dute eta enpresak zazpi baztandar auzira eramanen dituela salatu dute.

Manu Aierdiren erranetan, «Nafarroako turismorako eta Baztanen lana sortzeko baliagarria» izanen da Aroztegiako proiektua. Gehien bat turismoaren arloa azpimarratu du, hotelak 135 logela bikoitz izanen lituzkeela eta urtean 98.550 plazako potentziala duela. Lan arloari dagokionez, eraikuntza fasean 50 lanpostu eta funtzionatzen duenean bertze 52 sortuko dituela aipatu du presidenteak. Hirigintza egitasmoaz ez du deus aipatu eta proiektuak sortzen duen kontrako jarrera ere ez duela ulertzen aipatu du: «Ez da ulergarria interes pribatua espekulazioarekin, pelotazoarekin edo gisakoekin lotzea… Erakunde publikoen aldetik, bidezkoa den interes pribatu hori interes kolektiboarekin bat egitea lortu behar da, eta halaxe gertatzen da Aroztegian». Herri galdeketaren fasea gainditua dagoela ere adierazi du presidenteordeak.

 

Aierdik Aroztegiari emandako babesa salatu du EH Bilduk

Baztanera egindako bisitan Manu Aierdi Nafarroako lehenadakari ordeak egindako adierazpenak salatu ditu EH Bilduk. «Aroztegiko PSIS-a hasieratik gaizki jaio zen egitasmoa da, funtzioetan zegoen gobernu batek onartu baitzuen Baztango udalari dagozkion eskumenak urratzeko asmoarekin» adierazi du Adolfo Araizek, EH Bilduko parlamentuko parlamentariak. «UPNren pozoindutako herentziaren beste parte bat dugu Aroztegikoa. Lehendakariordeak nahi ala ez, etxebizitzen eraikuntzarako negozio bikaina topatu dute Aroztegian egindako lur sailen errekalifikazioarekin».

Nafarroako Gobernuaren iritzia eta bere alderdiaren iritzia nahastu ditu Aierdik, EH Bilduren ustez: «Ezin da onartu Aierdi lehendakariordeak proiektu espekulatibo honi ematen dion babesa, aldaketaren gobernua sustengatzen dugun lau indarron jarrerarekin nahastea».

Aierdik eskatzen duen ikusmira argi du EH Bilduk: «zonaldeko beste eragileek bezala, babesa erakusten diogu Aroztegiko proiektu turistikoari, bainan erabat kontra gaude, proiektu horrekin batera sartu nahi duten asmo urbanistikoarekin. Ez gaude promozio turistikoaren kontra» adierazi du Araizek, «bainan ezin dugu onartu UPNk egindako errekalifikazio ad hoc bat onartu, pelotazo urbanistiko berri bat babesteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun