Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Mila lagun baino gehiagok eskatu dute herriak erabaki dezala Aroztegiko proiektuan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 25a, 10:31
Mila lagun bainio gehiagok UGPSa geldiaraztea eskatu zuten Elizondon. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Herri galdeketa eskatzeko 700 sinadura baino gehiago bilduak dituzte gaurgero 

228 etxebizitza, hotela eta golf zelaia egiteko Aroztegiko proiektuak zuzen-zuzenean Lekarozko herriari eragin arren, bailara osoari ere eraginen dio, eta, horregatik, Baztanen herri galdeketa egiteko eskatzen du Aroztegia... eta gero zer? plataformak. Larunbat arratsaldean Elizondon antolatutako manifestazioan mila lagunek baino gehiagok bat egin zuten eskaera horrekin. 

 

Manifestazio akabailan Jon Elizetxe plataformako kideak adierazi zuenez, gainera, herri galdeketa eskatzeko 700 sinadura baino gehiago bildu dituzte gaurgero.  

«Ez gara Aroztegiko hirigintza proiektuari buruz bakarrik ari, herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko eskubideari buruz baizik», aldarrikatu zuen Miren Meoki Lekarozko alkateak bere aldetik.

Manifestazioan parte hartu zuten aurpegi ezagunen artean, han ziren Joseba Otondo Baztango alkatea, Garbiñe Elizegi alkate ohia, EH Bilduko Adolfo Araiz eta Arantza Izurdiaga, Juan Carlos Longas parlamentari ohi eta NUPeko irakaslea, Itxaro Borda idazlea eta Asisko Urmeneta marrazkilaria.

Aroztegia proiektuaren aurkako eta Geroa Bairen aurkako makina bat mezu irakur zitezkeen karteletan: adibidez, Geroa Bai=UPN, desberdine aurpegi berdine; Geroa Bai, Baztan ez dago salgai; Baztan saldu nahi dute lau sosen truke eta Baztan D'or Mordor.

Elizondoko plazan, Miren Meokik hartu zuen hitza, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egin zuen. «Aroztegiko proiektua nazioartekoa dela dioten horiei erran nahi diegu erabakitzeko eskubidea ez dela mugatzen zein naziotako biztanleak izan nahi dugun erabakitzera». Haren esanetan, bizitzako arlo guztietara eraman nahi dute eskubide hori.

Hala, Aroztegiko hirigintza proiektua Lekarozen denez, hasieratik bertako herritarrei galdetzea nahi izan dutela esan zuen Meokik. «Lekaroztarrok argi eta garbi erran dugu Aroztegiko proiektua ez dela gure herriarentzat onuragarria, eta ez dela Lekarozen edota Baztanen nahi dugun garapen eredua». Meokiren ustez, proiektuak «aurrekari arriskutsua» ezar dezake Nafarroan, UGPS udalerriz gaindiko eragina duen planaren bidez Baztango udalaren erabaki ahalmena saihestu duelako gobernuak. «Nola erran dezake gobernu demokratiko batek ez duela herritarren iritzia jakin nahi, edo galdetzea legez kontrakoa dela?».

 

850 etxe hutsik 

Jon Elizetxek gogora ekarri zuen 350 biztanleko herri batean altxatu nahi direla 228 etxe, hain justu, eskualde osoan 850 etxe hutsik direlarik. «Norendako da proiektua onuragarria? Hura nahi ez duten lekaroztarrendako?». Salatu zuenez, hasieran proiektuaren atzean Caixa Galicia zegoen, 9.000 milioi euroko kapital publikoa jaso duena. Era berean, salatu zuen proiektua sustatu duen Palacio de Aroztegia SLko akziodunek Sicaven jabe direla. «Zertarako eta noiz arte segitu behar dugu sistema ustel eta suntsitzaile hau elikatzen? Non dago hainbertze iragarri diguten aldaketa?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun