DBH-ko titulua eskuratzeko aukera eskainiko du aurten ere helduentzako hezkuntzak Lekarozen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 8a, 12:52
Matrikulazio epeen eta informazio solasaldien berri eman dute Baztango Balleko Etxean egindako aurkezpenean.

Apirilaren 29ra bitarte zabalik dago izen emateko epea eta datozen egunetan informazio bilerak eskainiko dituzte Baztanen herriz herri

Joan den urtean, Baztango, Malerrekako,  Bortzirietako eta Bertizaranako Udalek, Gizarte Zerbitzuen bitartez, zonaldeko institutuekin eta Cederna Garalurrekin elkarlanean, eskualdeko helduentzako irakaskuntza programa publikoa eta doakoa indarrean jartzea lortu zuten. «Jadanik Nafarroako hainbat eskualdetan indarrean zegoen helduentzako irakaskuntza zerbitzua, eta gurean berriz, ez. Huts handia sumatzen genuen, ikasketak bukatu gabe utzi zituenak aukerarik ez baitzuen ordura arte inguruan ikasketak  bukatzeko» aipatu dute apirilaren 8an Baztango Udaletxean, aurtengo ikasturtearen matrikulazio kanpainaren aurkezpenean.

Zerbitzu honekin eskualdean bertan, aukera eman nahi izan diete  bere garaian ikasketak akitu gabe utzi zituzten herritarrei. 18 urtetik goitiko herritarrei oinarrizko ikasketak eskaintzea izan da  helburu; doakoa eta hezkuntza sare publikoaren bitartez. Parte-hartzaileek Bigarren Hezkuntzako titulazioa eskuratzeko  aukera izan dute.

Beraz, bere garaian ikasketak bukatu gabe utzi zituzten herritar guztiei dei egiten diete 2016-2017ko ikasturtean DBH-ko titulua eskuratzeko taldean izena ematera, apirilaren 29a arte epea zabalik dago, Lekarozko institutuko bulegoetara deituz egin dezakezu. Telefonoa 948581803 da eta ordutegia, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 15:00etara eta asteartean 18:00ak arte.

 

Informazio bilerak herriz herri

Honen inguruko informazio zehatzagoa emateko eta herritarren zalantzak argitzeko asmoarekin, hurrengo apirilaren 12tik aitzin, Baztango herri guztietan batzar informatiboak antolatu dituzte. Hauek izango dira hitzorduak:

Almandozen: apirilaren 12an, asteartea, 17:00etan.

Berroetan: apirilaren 12an, 18:00etan.

Anizen: apirilaren 12an, 19:00etan.

Oronozen: apirilaren 13an, asteazkena, 17:00etan.

Arraiozen: apirilaren 13an, 18:00etan.

Iruritan: apirilaren 13an, 19:00etan.

Zigan: apirilaren 14ean, osteguna, 17:00etan.

Lekarozen: apirilaren 14ean, 18:00etan.

Gartzainen: apirilaren 14ean, 19:00etan.

Amaiurren: apirilaren 19an, asteartea, 17:00etan

Azpilkuetan: apirilaren 19an, 18:00etan

Erratzun: apirilaren 19an, 19:00etan

Arizkunen: apirilaren 20an, asteazkena, 17:00etan

Elbeten: apirilaren 20an, 18:00etan

Elizondon: apirilaren 20an, 19:00etan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun