Zerbitzu anitzeko lanetarako sei langabetu kontratatuko ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 10a, 08:51

Sei hilabeteko kontratuak izanen dira eta eskariak otsailaren 19ra bitarte aurkez daitezke

Baztango Udalak Zerbitzu anitzeko lanetarako langabetu gisa izena emanda dauden pertsonak aldi baterako kontratatzeko deialdia egin du. Sei kontratazio egitea aurreikusten du Balleko Etxeak, sei hilabeteko iraupena izanen dutena. Deialdian parte hartzeko, Baztango Udal Bulegoetan aurkeztu behar da otsailaren 19ko ordu biak baino lehen.

Lanpostuek D mailako ordainsaria izanen dute. Lanpostu bat, desbrozatzeko traktore gidarirako izanen da, bertze lanpostu bat etxeko konpostagailuen jarraipenerako et lau lanpostu zerbitzu anitzetako eginkizunetarako.

Bete beharreko baldintzei dagokienez, Eskolako Graduatuaren titulua eduki behar dute langileek; langabezian egitea eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikitako Enplegu Agentziaren batean enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea; euskara maila ziurtatzea, C1 maila ahozkoan eta B2 idatzizkoan eteko konpostagailuen jarraipenerako lanposturako eta bertze lanpostuetarako, ahozkoan C1 maila. Maila ziurtatzeko agiririk izan ezean, mailaketa proba eginen da; B1 motako gidabaimena edukitzea eta etxeko konpostagailuen jarraipenerako lanposturako kotxea edukitzea.

Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, Nortasun Agiria, eskatzen den titulazio akademikoa eta merituak aurkeztu behar dira.

Informazio gehiago 948 580006 telefonoan edo Baztango udaleko webgunean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun