Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Herri galdeketa loteslea egitea eskatu du Aroztegia eta gero zer? Plataformak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urt. 27a, 15:35
Herri galdeketa loteslearen inguruko eztabaida bultzatu nahi du asteotan Aroztegia… eta gero zer? Plataformak.

Datozen bi asteetan bilerak proposatu dituzte aldaketaren gobernua babesten duten taldeekin, zein tokiko administrazioko erakunde ezberdinekin

Aroztegia eta gero zer? Plataformaren ustez, alde guztietako adostasunarekin eginen den Baztan mailako herri galdeketa lotesle bat egitea da Aroztegiko proiektuaren inguruan irtenbide bakarra. Horrela jakinarazi du ilbeltzaren 27an egindako agerraldian. Plataformak dioenez, «inposaketaren aitzinean ariketa demokratiko batekin erantzutea proposatzen du». Hurrengo bi asteetan aldaketaren gobernua babesten duten taldeekin zein tokiko administrazio erakunde ezberdinekin bilerak proposatuko dituzte aterabide hau planteatzeko.

 

Aroztegia eta Gero zer? Plataforma prest dago herri galdeketa loteslea aitzinerat eramateko kondizioak, epeak eta galderak adosteko mahai batean parte hartzera. Aldi berean, aldarrikapen hau aitzinerat ateratzeko hurrengo asteetan herri zein herrialde mailako kanpaina bat jarriko du martxan.

Aroztegia…eta gero zer? Plataformak dio «bere sorreratik Aroztegiaren proiektu urbanistikoaren izaera espekulatzailea salatu eta garapen eredu honen inguruko eztabaida» bultzatu nahi izan duela. Horretaz gain, proiektu honek Lekarozi, Baztani eta landa eremuari orokorrean ekarriko lizkiokeen kalteak nabarmendu ditu behin eta berriz, «espekulazioan eta bezerokerian oinarritutako eredua delakoz, eta agortuta dagoen ustelkeriaz kutsatutako eredua delakoz» aurka agertu dira.

Erabakia non, nork eta nola hartzen diren, bultzatzen den garapen eredu honekin ere bat datorrela uste du Plataformak. «Lekarozko herriak, Nafarroako Gobernuko zenbait teknikarik, epaitegiek, herri eragile, Baztango Batzar Nagusiak, eta bertze hainbat ahots, proiektu honen aurka agertu arren, Geroa Baik UPNk bezalaxe UGPS/PSISaren erabilera guztiz antidemokratikoa eta bihurria eginez, kapitalaren interesei men egitea erabaki du. Argi utzi nahi dugu UGPS/PSIS hau onartzea erabaki politikoa izan dela eta posible zein ezinbertzekoa dela erabaki honetan atzera egitea. Argi utzi nahi dugu, baita ere, ez dugula horrelako inposaketarik onartuko, datorren tokitik datorrela», dio idatzian.

Bereziki larria iduritzen zaio Plataformari «herritarren parte hartzea bermatuko duela ozenki iragarri duen aldaketaren Gobernu bate» erabakiak modu honetan hartzea. «Mariano Rajoyk Catalunyako herriaren erabakitzeko eskubidearen inguruan duen diskurtso berdina erabiltzen ari dira Geroa Baiko ordezkariak lekaroztarron eta baztandarron erabakitzeko eskubidearen inguruan», dio. Beraz, Gobernuaren parte diren edota babesten ari diren alderdi guztiek hausnarketarako tartea hartu beharko luketela uste du Aroztegia… eta gero zer? Plataformak.

 

Erlazionatuak

Itziar Torres-Aroztegia...eta gero zer?

Xorroxin irratia 2016 urt 27 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun